Santana Jaiak 2026 - Mendaro

Ane Landa eta Naroa Zubia, eta Ander Aberasturi eta Axular Agirregabiria dira fronteniseko txapeldunak

Ainara Argoitia Arano 2026ko uztailaren 24a

Ikusmin handia sortu zuten atzo Mendaroko Gazte Asanbladak antolatutako frontenis txapelketako finalek. Kanpoko eta bertako, frontoia bete egin zen ikuslez eta jai-giro polita sortu zen.

Emakumezkoen finala jokatu zuten aurrena. Irati Mendikute eta Josune Mantecak egin zituzten epaile lanak, eta bi bikote aritu ziren aurrez aurrez: gorriz, Leire Alberdi eta Nerea Bastida, eta urdinez, herrikoak bertakoak: Ane Landa eta Naroa Zubia, hasiera-hasieratik gehiago izan zirenak atzo. Hutsak pilatu zituzten gorriek, eta aise irabazi zuten partidua urdinek. Azkenean, 22 eta 9ko emaitzarekin gailendu ziren Landa eta Zubia.

Gizonezkoetan, berriz, Ander Zulaika eta Luken Agirregabiria aritu ziren epaile lanetan, eta kantxan, bi bikote: iazko txapeldunak batetik, Axular Agirregabiria eta Ander Aberasturi, eta Julen Iriondo eta Julen Dobarro gazteagoak bestetik. Urdinez aritu ziren lehenengoak, eta gorriz bigarrenak, eta partidu lehiatua eta gogorra osatu zuten. Partiduan zehar Gazte Asanbladakoek jaietarako egin dituzten zapiak saldu zituzten. Udako egitarauko azken ekintza izan zen atzokoa, baina gaurko Gazte Eguna ere Gazte Asanbladoek eurek antolatu dute, Udalaren laguntzarekin. 13:00etan hasiko dute jaia, eta 18:00etan hasiko dira ofizialki santanak, Josi ta Josikoek botako duten txupinazoarekin.