Eguerdian hasi dute jaia gazteek, ez da-eta alferrik euren eguna izan gaurkoa. Tabernaz taberna aritu dira herriko gazte guztiak elkarrekin, eta taberna atarietan jolasak egin dituzte. Ondoren, frontoira batu dira guztiak, bazkaritara. 115 lagun baino gehiago elkartu dira herri-bazkarian, eta bazkalostean, jolasak egin dituzte. Ez dute askorako astirik izan, hala ere, bazkaria luzatu egin baitzaie eta seiretarako amaitu beharra baitzuten, plazan Katasorginari ongietorria egiteko. 18:00ak pasatxoan bota dute txupinazoa Josi ta Josi taldekoek.
Balkoi bete lagun izan da gaur txupinazoan, talde handia baita astero-astero udaletxera batzen dena, eta aurtengo santanetarako banderatxoak josi dituztenena. Rosa Urain, Leonor Barreras eta Marimar Monrealek hartu dute hitza denen ordezkari, eta isotu dute ondoren txupina, plazan festa leher zedin. Irrintzia botatzera ere ausartu da taldekide bat eta ozen entzun da plazatik jairako deiadarra. Txupinazoa bota eta bat, Katasorginaren kantua interpretatu dute Idurre Arriolak eta Gartxot Fidalgok, eta hasi da Katasorgina apurka-apurka plazako oholtzaraino jaisten. Ondoren, Bizi Poza txarangaren txanda heldu da, eta harekin batera dantzatu dira Mendaroko erraldoiak plazan. Buruhandiak ere irten dira plazara, haur eta nerabeen gozagarri, eta gogotik gozatu dute batzuek eta besteek, hara-hona lasterka. Kirolean zailduak diren gazteek jantzi dituzte gaur buruhandiak, baina kirol probetan baino izerdi gehiago ere botako zuten gaur herriko txikienen atzetik.
Plazatik Mendarozabalerantz hartu dute gero erraldoi, buruhandi, zezenzikleta eta txarangakideek eta ondorik joan zaizkie herritarrak, kalejiran. Hantxe egin dute eguneko azken saioa txarangakideek eta eman diete gero lekukoa Azpeitiko Skapaie elektrotxarangakoei. Duela gutxira arte, haiek ibili dira kalez kale, gazte kuadrilla handia atzetik dutela. Afari-legea egiteko ere baliatu dute zenbaitzuk tarte hori, orduerdi erdi barru hasiko baita Xiberoots taldearen kontzertua. Ondoren, berriz, Txola ta Potxola herriko disko jartzaileak jardungo dira goizaldera arte.