Eguraldi iragarpenagatik txirrista erraldoirik ez zela izango jakinarazi zuten atzo Udaletik, eta haren ordez, puzgarriak jarriko zituztela goiz partean Mendaro ikastolako jolastokian. Eta halaxe egin dute. Jolastoki bete puzgarri izan da goizean eta gozatu dute haurrek. Salto eta brinko ibili ondoren, frontoira batu dira haietako asko, beren eguneko herri-bazkarira. Etxetik eramandako ogitarteko eta bestelako jakiak jan dituzte haurrek, eta edaria eta azkenburukoa banatu diete boluntario aritu diren gurasoek, Udalak jarrita. Ondoren, jolasak izan dituzte, eta orduerdiren buruan hasiko dute haurren danborrada. Hor ere aldaketak izan dira, eguraldi kontuengatik. Izan ere, ikastolan hasi ordez, zuzenean frontoira mugatzea erabaki dute antolatzaileek, Arno guraso elkartekoek. Euria dago iragarrita arratsalderako ere, eta hantxe egitea erabaki dute. Zalantza dago buruhandi eta erraldoiak ere irtengo diren, baina momentuz planak bere horretan jarraitzen duela jakinarazi dute konpartsakoek.