Ikastolan hasi ohi dituzte Mendaron danborradak eta kalez kale ibili ostean frontoian amaitu ohi dira beti. Hantxe jo ohi dituzte pieza guztiak, azkenerako lagata Mendaroko Martxa. Atzo, baina, eguraldiak aldaketa batzuk egitera behartu zituen antolatzaileak, eta umeen danborrada, esaterako, frontoira mugatu zuten. 18:00etarako prest zituzten danborradan parte hartu behar zuten 50 bat umeak frontoian, dotore jantzita denak, eta ordua jo zuenean, sartu ziren Bizi Poza txarangakoak frontoira. Ordurako, betea zen frontoia ikuslez. Hantxe egin zuten saioa umeek, Hiart Larrañaga eta Lander Aranberri zuzendarien agindutara. Neke aurpegiak ikusi genituen, izan ere, energia asko xahututa iritsi ziren haurrak danborradara. Goizean, puzgarrietan saltoka ibili ziren, eguerdian bazkaria izan zuten frontoian, eta ondoren, dena eman zuten jolasetan.
Arratsaldean umeen danborrada, eta gauean, helduena. Haurrek ez bezala, baina, nagusiek ibilbide osoa osatu ahal izan zuten, eguraldiak atertzera egin zuelako. Mendarozabalen hasi, Garagartza osoa pasatu, Azpilgoetaraino joan eta frontoian bukatu zuten ibilbidea, Mauxitxa txarangakoak lagun hartuta. Frontoian pieza guztiak jo zituzten, eta ohi legez, Mendaroko Martxarekin bukatu zuten saioa.