Santana Jaiak 2026 - Mendaro

Nafarroako jotak, Gararock erramupean eta Akerbeltz taldearen erromeria, Santixao eguneko eskaintza betea

Ainara Argoitia Arano 2026ko uztailaren 26a

Oraintxe euria, oraintxe ateri. Halaxe joan zen atzoko eguna, baina ezerk ez zuen jaia zapuztu Mendaron. Musika eskaintza oparoa izan zuten jaira bildu zirenek. Goizean, Nafarroako jotak interpretatu zituzten Ribera Cantakoek; iluntzean, berriz, gaur jaietan nekez entzuten den musika jarri zuten Gararock Erramupean ekimenaren sustatzaileek, askoren zorionerako eta, gauean, plaza bete lagun jarri zuen dantzan Akerbeltz erromeria taldeak.

Herriko Enparantzan egin zuten kantaldia Ribera Cantakoek, baina kantaldiaren erdialdera euri zaparrada hasi eta hustu zen plaza. Ez ziren, hala ere, entzulerik gabe gelditu Nafarroatik etorritako abeslari eta musikariak. Izan ere, inguruko etxeen arkupeetatik izan zuten entzuten publiko zabala.

Erraldoien eta buruhandien konpartsakoak ere duda-mudatan ibili ziren arratsaldean: irten bai ala ez, zeruari nahi baino gehiagotan begiratuz. Izan ere, ilun zegoen zerua. Hala ere, apustua egin zuten, eta abiatu ziren kalez kale, Azpilgoetaraino, dultzaineroen ondorik. 19:30 aldera, ordea, euria hasi zuen berriro, eta erretiratu ziren haiek, nahi baino azkarrago. Ordu horretarako, azken prestaketetan ziren Gararock Erramupean ekimenaren sustatzaileak. Azpilgoetako arbolapean zuten musika jartzekoa, baina goizean iragarri zuten Mañuskako etxeen azpira aldatuko zutela lekuz, euriaren beldur. Penatan ziren antolatzaileak, baina asmatu zuten erabakia hartu zutenek. Izan ere, musika jartzen hastekoak ziren orduan hasi zuen euria. Aterpera bilduta eman zuen jendeak iluntzea, garai bateko musika entzunez.

Gauean, danborradaren ostean, Akerbeltz taldearen erromeria izan zuten mendaroarrek. Inguruko herrietatik ere jende dezente bildu zen erromeriara eta plaza bete lagun dantzan jartzea lortu zuten musikariek.