Zaindiaren eguna ospatzen ari dira Mendaron, askorentzat jaietako egun handiena

Ainara Argoitia Arano 2026ko uztailaren 26a

Jaietako egun handia dute gaur Mendaron, herritar askorentzat, handiena: Santa Ana eguna. Eguraldiagatik eguna Santa Ana ermitan hasiko ote zuten duda egin badute ere bart askok, Bustinalde elkartekoek goizean goiz zabaldu dute goian izango zen berria eta pozarren hartu dute albistea mendaroar askok. Izan ere, berezia da Santa Ana ermita bueltan urtero gaurko egunez sortu ohi den giroa.

Azpilgoetatik prozesioan igo dute Santa Ana zaindaria herritarrek ermitaraino, eta meza ospatu dute han. Meza ostean, erromeria ere izan dute ermitako atzeko aldean. Imanol Goikoetxea debarra eta Unai Andonegi mendaroarra aritu dira, aspaldiko urteetan bezala, soinua eta panderoarekin, eta Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso, berriz, bertsotan. Ermita atzeko harrira igota egin dute bertsotan bertsolariek, eta hantxe jardun dira trikitilariak ere. Bustiñaldekoek taberna ere jarri dute, eta barraz beste aldera bildutako asko bart berandura arte ibilitakoak izanagatik ere, erruz zerbitzatu dituzte txorizo ogitartekoak eta txakolin botilak tabernariek. Hori bai, betaurreko beltzak jantzita ikusi dugu jende ugari, izan ere, jaietako azken egunerako nabarmena da nekea askoren bisaietan. Hala ere, gaur ez da aitzakiarik Mendaron festarako, eta une honetan, etxeratu gabe jarraitzen du jende askok.

Santa Anara igo direnek urtean behingo kuadrillako argazkia egiteko ere baliatu dute, jakina, eta hangoak eginda, jaitsi dira denak kalera, kamiseta zuri eta zapi berdedunen suge luzea osatuz. Handik Azpilgoetara jo dute gero, han hasi baitute, ohi legez, tabernaz tabernakoa. Trikitilariak eta bertsolariak ere hantxe ziren, jakina, eta taberna atari bakoitzean geldialdiak egin dituzte, kanturako eta dantzarako. Ezustekorik ere izan da Aurten, Azpilgoetako arraindegi ondoan, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasoren irudiak margotu dituzte lurrean, beren lekua zein den garbi utziz bertsolariei. Estimuan dituzte mendaron Egaña zein Lizaso, eta eskertu dute maitasun keinua haiek ere.