Santana Jaiak 2026 - Mendaro

Hodei Ezpeleta eta Jon Rekondok irabazi dute IV. Santa Ana Bikotekako Aizkora Txapelketa

Ainara Argoitia Arano 2026ko uztailaren 26a

Ohikoa den eran, herri-kirolez gozatzeko aukera izan dute Santa Egunez Mendaron. IV. Santa Ana Bikotekako Aizkolari Txapelketan hiru aizkolari bikote aritu dira nor baino nor, eta harri-jasotzen erakustaldia egin dute plazaz plaza dabiltzan Maddi Gesalaga eta Lierni Osa harri-jasotzaileek.

 

 

Harri-jasotzen, Lierni Osak  bi minutuko lana egin du 63 kiloko zilindroarekin, eta ondoren, Maddi Gesalagak 15 jasoaldi egin ditu denbora berean harri kubikoarekin. Ondoren, 70 kiloko harri baldarrarekin hogei jasoaldi osatu dituzte bien artean, harri bolarekin agurra egin aurretik. Aizkoran, berriz, hiru lan osatu behar izan dituzte aizkolariek, bikoteka. Lehenengo, zutikako kanaerdiko enborra ebaki dute txandaka, eta ondoren, 150 zentimetroko diametrodun enborra, binaka, erdi eta erdi. Azkenik, neurri desberdineko enborren zortzi korte egin dituzte txanda librean. Lan horiek guztiak osatzen azkarrenak Hodei Ezpeleta mendaroarra eta Jon Rekondo leitzarra izan dira, 33:27ko denborarekin. Bigarren Ibai Soroa eta Oier Kañamares sailkatu dira (34:27), eta hirugarren, Andoni Izeta VI.a eta Eneko Saralegi (37:53).