Kexak eta eskariak

Santanetan Kutxak Mendaro zerbitzurik gabe laga duela salatu dute bezero askok

Ainara Argoitia Arano 2026ko uztailaren 27a

Kutxak Mendaroko jaietan eman duen zerbitzuarekin oso haserre agertu dira erabiltzaile asko egunotan, eta bat baino gehiago izan dira BARRENArekin harremanetan jarri direnak hori salatzeko.

Kutxa banketxea itxita egon da egunotan, eta kutxazain automatikoa, geldi. Ondorioz, herritarrak herrian dirurik atera ezinda egon dira jaietan. Erabiltzaileak, eta bereziki bezero direnak, kexu azaldu dira finantza erakundeak eman dien zerbitzuarekin. Asko izan dira jaietan lanean ari ginela haserre gerturatu zaizkigunak, bai eta arrazoi beragatik iritsi zaizkigun mezuak ere. "Kutxak zerbitzurik gabe utzi gaitu jaietan Mendaron", zioen erabiltzaile batek. Hona Kutxaren beste bezero baten atzoko mezua: "Larunbat goizean joan nintzen dirua ateratzera, eta makina, geldi. Lagunei ere gauza bera gertatu zitzaien. Deitu zuten eta erantzun zieten astelehenera arte gutxienez ez zutela konponduko. Zer zerbitzu da hori? Negargarria da. Beste banketxerik ez dugu herrian eta hori baliatzen dute, baina nazkatzen hasita gaude.  Hori al da bezerook merezi dugun zerbitzua?". Gazte jendeak atzo kazetari honi kontatutakoaren arabera, asteburuan elkarri dirua lagatzen jardun dira, eta bizum zerbitzuarekin konpondu dira haietako asko.