Santana Jaiak 2026 - Mendaro

Santanen biharamunaren gogorraren erakusgarri, espazioko gerlaria ere Mendarozabalgo desfibriladore ondora 'etorrita' dago

Ainara Argoitia Arano 2026ko uztailaren 27a

Astelehen gogorra egingo zaio mendaroar bati baino gehiagori gaurkoa, nahiz jaieguna izan herrian. Euri langarra ari du, eta mortu daude kaleak, egunotako zalapartarik gabe. Jaien biharamuna gogorra izan ohi da, eta irudi hau bidali digu irakurle batek horren erakusgarri. Ostiralean Mendaroko errotondan agertu zen Star Wars sagako gerlaria ere Mendarozabalgo desfibriladore ondora etorrita dago. "Dena beharko dute askok gaurko egunari aurre egiteko", zioen panpinaren aurretik igaro den edadetuak.

Bukatu dira santanak, nahiz ondorenak agerikoak diren kalean. Herriko Enparantzako oholtza desmuntatzen ari ziren langileak goizean goiz, eta itxita daude herriko zerbitzu batzuk ere, tartean Udala, anbulatorioa eta gimnasioa. Izan ere, aurten, Santa Ana eguna igandean egokitu denez, gaurkoa jaiegun izendatua zuen Udalak. Kalean, lehen orduan, apenas zebilen jenderik, baina BARRENAra argazkia bidali duen irakurleak esan bezala, Star Wars sagako gerlariaren panpina Mendarozabalen topatu dugu, Txirristaka taberna parean, desfibriladorearen ondoan. Iaz,  E.T. estralurtarraren amaren panpina errekara bota zutenen kontrako mendekuz sortu zuen Joseba Olazabalek, umorez, jaietan inprobisazioaren aldeko aldarria eginez. Bideo honetan eman zituen iazko panpinaren inguruko azalpenak, umore dosi handiarekin.