Iazkoak izan zituen Juan Jose Loiolak tabernako barraren atzean egin zituen azkeneko santanak. Bereziak izan zituen haiek oso: batetik, jai batzordekoek hala proposatuta, berak hasi zituelako iaz santanak, eta bestetik, Santa Ana egunez, herri oso baten omenaldia jaso zuelako, gazte jendeak antolatuta. Bazuen geroztik amets bat: santanetan, gora, Santa Ana ermita ondoan egin ohi duten erromeriara, batzea eta, atzo, bete egin zuen ametsa. Landa erretegikoek ere nahi baino gutxiagotan izan dute erromeriaz eta herriko jaiez nahi bezala gozatzeko aukera, jatetxekoa ere lan lotuak delako. Baina, atzo, Santa Anan ziren Juan Mari eta Asier Landa anaiak ere, senitartekoekin eta lagunekin batera. Eta ezohiko irudi horri azkar erreparatu zioten bertsolariek. Horrenbeste urtean Mendarora etorrita, aski ezagunak dituzte bertsolariek bat zein besteak, eta umore dosi handiko bertsoak jarri zizkieten. Juan Jose Loiola eta Juan Mari Landa aipatu zituzten bertsotan, baina Landa erretegian badira Juan Marik besteko lana egiten duten -eta egin duten- beste zenbait ere, tartean anaia Asier, emazte Idoia Zulaika, koinata Edurne Zulaika eta kontratupean lanean aritu diren beste zeinbat langile, eta atzo, bertsoak entzutean haiek denak izan zituzten gogoan mendaroar askok.
Santa Anatik Azpilgoetara egin zuten gero trikitilari eta bertsolariek, atzetik segizioa zutela, eta han, berek jaso zuten sorpresa. Ormola taberna parean, hantxe, urtero kantuan egin ohi duten lekuan, beren aurpegiak ikusi zituzten lurrean margotuta. Esker onez margotu zituen bere izena gordean mantendu nahi izan duen herritar batek, baina laster jakin zuten bertsolariek noren obra zen, eta eskertu zioten keinua Herriko Enparantzan topatu zutenean.