136 umek hasi dute ikasturtea Mendaroko eskolan, eta seik, herriko haurreskolan

Ainara Argoitia Arano

Bizkar zorroak hartu, makarrak kendu eta eskolarako bidea hartu dute goizean umeek. Pozik ikusi ditugu batzuk, oporraldian ikusi gabeko lagunak ikusteko gogoz, eta pauso nagiagoan egin dute beste zenbaitek eskolarako bidea. Guztira, 136 umek hasi dute ikasturtea Mendaroko eskolan. Estreinakoz, 4 urtekoak eta 5 urtekoak gela baten elkartu dituzte aurten.

Umeak gutxitu egin dira herrian eta ikasturte hasieran nabaria gertatzen da apaltze hori. Gaur itzuli dira eskolara umeak Mendaron Hego Euskal Herriko ikastetxe gehienetan bezala. 136 ume daude ikasturte honetan matrikulatuta Mendaro Ikastolan. Haietako hamarrek estreinakoz egin dute gaur eskolako arrapalan gora, kopuru horixe matrikulatu baita 2 urteko gelan. Eskola-umeak gutxitzearen ondorioz, aurten, maila bakar batean izango dira bi linea: LH5n. Iaz, LH4n eta LH6n izan zituzten bi linea, baina nagusienak Institutuan dira jada, eta orain, LH5en bakarrik osatu dituzte bi gela. Era berean, HH4 eta HH5 gelak elkartu egin dituzte estreinakoz. 

Haurreskolan, sei haur

Mendaroko haurreskolan, bestalde, joan zen barikuan hasi zuten ikasturtea. 0 eta 2 urte arteko umeak hartzen dituzte haurreskoletan, eta Mendaroko kasuan, guztira 21 plaza daude: zortzi 0-1 urte artekoetan, eta hamahiru 1-2 urte artekoetan. Bada, joan zen ostiralean, sei umek hasi zuten ikasturtea: iaz ibilitako bik eta lau berrik. Era berean, urrirako beste bi ume matrikulatzeko eskaera jasoa zutela zehaztu ziguten haurreskolako arduradunek. Plazak libre dauden bitartean, hilabetero egoten da haurreskolan izena emateko aukera, hileko lehen hamar egunetan. Urrian hasi nahi dutenek, beraz, ostegunera arteko epea dute izena emateko (irailak 10).

Informazio gehiago behar izanez gero, telefonoz galde daiteke honako zenbakian: 943755219. E-postaz nahiago duenak, hona harremanetarako helbidea: mendaro.mendaro@haurreskolak.eus