Hiru kontzertu iragarri ditu Mendaroko Gazte Asanbladak irailaren 18rako

Ainara Argoitia Arano

Grapa taldekoak. Arg.: Goiena

Mendaroko Gazte Asanbladak hiru kontzertuko jaialdia antolatu du irailaren 18rako (barikua).

Irailaren hirugarren zapatua Gararock jaialdiak hartua izan du azkeneko urteotan Mendaron, baina aurten ez zela halakorik izango aurreratu zuten antolatzaileek; ez, behintzat, orain arte ohituak geunden moldean. Nolanahi ere, musika izan, izango da garai horretan Mendaron; ez zapatuan, baina bai barikuan, irailaren 18an. Izan ere, hiru kontzertu lotu ditu Gazte Asanbladak egun horretarako, Ateri, Ezta Ilen eta Grapa taldeenak. Gaztetxean izango dira kontzertuak, 21:30ean hasita, nahiz atea 20:30ean zabalduko dutela aurreratu duten antolatzaileek.

Hard-rock doinuak nagusi

Ateri: Aretxabaletako, Bergarako, Arrasateko eta Leintz Gatzagako musikariek osatzen dute Ateri. 2024an sortu zuten taldea, eta hard-rocka eta post-punka egiten dute. Iaz argitaratu zuten beren lehen lana, sei kantukoa: Ilun eta argi. Iluntasun gordinetik argitasun hauskorrerainoko bidaia bezala definitu izan dute taldekideek diskoa.

Ezta Ilen: 2022. urtean Zaldibarren sortutako hirukotea da. Ander San Martin gitarra-joleak, Sergio Devesa bateria-joleak eta Aritz Aranburu Tarran baxu-jole eta abeslariak osatzen dute taldea, hardcore, punk eta rock-and-roll taldeetan aritutakoek. Punk ilun eta post punk musika sortzen dute.

Grapa: 2025ean sortu zen taldea Bergaran hiru bergararrek eta zumaiar batek, eta 90eko hamarkadako punk klasikoa jotzen dute.