Plaza eta Azpilgoeta auzoen parean panel akustikoak jartzeko exekuzio proiektua urte amaierarako lizitatzeko moduan nahi luke Aldundiak

Ainara Argoitia Arano

Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak, tartean Eider Mendoza diputatu nagusia, eta Mendaroko alkate Enetz Ezenarro, gaur, Mendaron.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur Mendaron egin duen Gobernu Kontseilu ibiltariaren ondoren kazetariekin izandako solasaldian aurreratu du Eider Mendoza diputatu nagusiak albistea, eta Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu Felix Urkolak eman ditu xehetasunak. Urkolak azaldu du proiektuaren idazketa lanak amaitzear dituztela eta urte bukaerarako idatzita izan nahi luketela exekuzio proiektua, lizitaziora atera ahal izateko. Asmoa zera da: A8 autobide ertzean panelak jartzea 300 bat metroan, bi zatitan: Plaza auzo parean eta Azpilgoeta parean.

Gipuzkoako Foru Aldundiko asteroko Diputatuen Kontseiluko bilera ibiltaria Mendaron egin dute gaur goizean. Bileran, gobernuko diputatu guztiek parte hartu dute, Eider Mendoza diputatu nagusia buru dutela. Hantxe izan da Mendaroko alkate Enetz Ezenarro ere. Aldundiaren egitekoa lurralde osora gerturatzeko eta tokian tokiko beharrak bertatik bertara ezagutzeko herriz herri egiten dute gaur Mendaron egin duten bilera, aldian behin, eta gaurkoarekin, 25 udalerritan izan dira guztira. "Gipuzkoako Plazatik Gipuzkoako plazetara gerturatuko ginela agindu genuen, eta horretan ari gara", zehaztu du  diputatu nagusiak.

Kontseilu Ibiltaria Mendaron egitekoa zen aitzakiarekin, aurrez, bilera egin dute udaletxean diputatu nagusiak eta herriko alkateak, Mendaro herriaren beharrez eta martxan diren proiektuez solasteko. Legealdi hasieran ere izan zen Eider Mendoza Mendaron, eta orduan erabili zituzten gaien jarraipena egiteko baliatu dute gaurko bilera. Bi zati izan ditu, beraz, gaurko goizak, eta ondoren, Mendaroko txokolategira joan dira bisitan diputatuak, 1.850. urtetik martxan den gozotegia ezagutzera. 

Gauzatu diren proiektuak, eta martxan direnak

Txokolategira joan aurretik, baina, kazetarien galderei erantzuteko tarte bat hartu dute Eider Mendozak eta Enetz Ezenarrok, eta hor aipatu dira Mendaron aspaldiko eskaera diren gaietako batzuk: besteak beste, A8 autobideko trafikoak sortzen duen zarata arintzeko panel akustikoen gaia; uholdeek Garagartzan sortzen duten kaltea minimizatzeko ekaitz-tankeen proiektua; Mendarorako sarbide berriaren proiektua;  Altzolatik Mendarorako bidegorria; eta legegintzaldi honetan gauzatu diren bi proiektu: Azpilgoetako autobus geltokia egokitzeko obra eta herrigunerako zubia -gaur gaurkoz sarbide bakarra- berritzeko lanak. 2,5 milioi euro inguruko inbertsioa egin du Aldundiak 1970eko hamarkadan eraiki zuten zubia berritzeko eta 153.632,42 eurokoa, Azpilgoetako autobus geltokia egokitzeko -Udalak beste 5.878 euro jarri ditu, geltokian markesina jartzeko-. 

Bidegorria, saihesbidea eta Garagartzako uholdeak

Altzola eta Mendaro batuko dituen bidegorriaren proiektuaren inguruan diputatu nagusiak zehaztu du idazketa prozesua martxan dela eta konpromisoa dutela hori gauzatzeko, "herritarren eskari inportantea delako eta jasangarritasunaren, mugikortasunaren eta aisialdiaren ikuspuntutik ekarpen handia egingo dielako herriei eta herrien arteko loturari". Era berean, Mendaroko Garagartzako uholdegarritasunaren inguruan esan du erakundeen arteko elkarlana eskatzen duela gaiak eta "elkarrekin esku-hartzeko prest" dagoela Aldundia, "jakinda planteatzen den irtenbideak ez duela  behin betiko konponbidea ekarriko arazoarentzat eta arduraz jokatzea dagokiela erakundeei". Hala ere, onartu du Mendaro bezalako herri txiki batentzat inbertsio handia eskatzen duela -milioi bat euro ingurukoa- eta esan du Aldundia laguntzeko prest legokeela. Ezenarrok bere aldetik nabarmendu du gaiaren inguruan hizketan jarraitzen dutela erakunde ezberdinekin -tartean URA Agentzia eta Aldundia bera- eta espero duela luze gabe "desataskatzea" gaia. Garagartzan, bi ekaitz-tanke egiteko proiektua idatzita dago, baina zatika egin beharko dela aurreikusita du Udalak. Proiektuak jasotzen du ekaitz-tankeetako bat Kasildaneko etxe ondoan eraiki beharko litzatekeela eta bestea Abarketeroneko parean.

Mendarorako sarbide berriaz ere galdetu dute kazetariek eta Eider Mendoza diputatuak zehaztu du proiektua idatzita dagoela, baina aurrerago egingo dela, Aldundiak esku artean dauzkan egitasmo guztien artetik beste batzuk daudelako lehenetsita: "Erakunde gisa lurralde oreka bilatzen dugu guk. Hainbat egitasmo dauzkagu lurraldean zehar identifikatuta eta beste batzuk daude momentu honetan lehenetsita, behar handiagoa dutelako. Proiektu hori identifikatuta eta kuantifikatuta daukagu. Hamar milioi eurotik gorako inbertsioa eskatzen du, eta geroago egingo den zerbait da".

Elkarlanean sakontzeko borondatea

Gaurkoaren ondoren, Udalaren eta herriaren izenean eskerrak eman dizkie Ezenarro alkateak Gipuzkoako diputatuei, Diputatuen Kontseilu ibiltaria Mendaron egitea erabaki izanagatik, eta esan du era honetako ekimenak oso direla garrantzitsuak "erakundeen artean hain beharrezko diren komunikazioa, gertutasuna eta elkarlana sustatzeko". Beste herri handiago batzuen ondoan Mendarok bezala baliabide gutxiago dituzten herriei laguntzeko "Aldundiak historikoki bete duen rola" eskertu du Ezenarrok eta nabarmendu du aurrerantzean ere nahi luketela elkarlan horri eutsi. Horren harira eskualdeari ere egin dio aipamena alkateak, azken hamarkadetan jendeak "polo nagusietara eta hiriburuen bueltara joateko hartu duen joera" gai hartuta. Alkateak azpimarratu du herri txiki bat izateaz gain, Mendaro Debabarrenean kokatuta dagoen herria dela, Gipuzkoako lurraldean "ertz batean kokatzen den eskualdean" alegia, baina periferian ere ondo bizitzeko eskubidea aldarrikatu du. "Sufritzen dute azken hamarkadetako joera gurea bezalako eskualdeek, eta aldarrikatu nahi dugu hemen gaudela eta bertan bizitzen jarraitu nahi dugula. Orain artean ondo bizi izan gara eta beharrezkoa da garapen ekonomiko sostengagarri bat izatea, zerbitzuak jartzea... Horretan Aldundiak eta beste erakunde batzuek zeresana dute. Jakin badakigu Aldundiak baduela sail bat horretara bideratuta eta eskertu eta azpimarratu nahi dugu gurea bezalako herri eta eskualdeentzat politika horiek duten garrantzia". Aldundiak Mendaron eta Debabarrenean egin dituen inbertsioak eskertzen bukatu du bere tartea Ezenarrok, azpimarra berezia jarriz, Udalaren eskariz, herrirako zubia berritzeko eta Azpilgoetako geltokia egokitzeko Aldundiak egin dituen obretan.

Ildo beretik mintzatu da Eider Mendoza ere. Alkateari esker ona agertu eta "Aldundiak herrietara gerturatzeko duen borondatean" sakondu du Mendozak. Horren harira oso positibotzat jo ditu gaurkoa moduko ekimenak; batetik, "elkarlanerako bide berriak zabaltzea ahalbidetzen dutelako", eta bestetik, "bere egitekoa herritarrei beste modu batean gerturatzeko aukera" ematen diolako Aldundiari, "lurralde oreka eta zuzeneko komunikazioa lehenetsita". "Herri txiki baten erronkak handiak dira, eta aldi berean, konpartituak dira, lurralde txiki batean kide garelako. Herrien osagarritasunean eta lurralde orekan sinesten dugu", nabarmendu du.