Ezusteko albistea izan da askorentzat, iazko apirilaren 24an aurten ez zela Gararock jaialdirik izango iragarri baitzuten antolatzaileek. Baina orduan ere zehaztu zuten ez zela behin betiko agurra hura, baizik eta eten bat, atseden hartzea eskatzen baitzien gorputzak. Baina bueltan dira, beste molde batean bada ere, eta kartela iragartzeko egun berezia hautatu dute, gainera. Izan ere, 2016an estreinakoz antolatu zuten jaialdiaren hamargarren edizioa izango zen bihar, iraileko hirugarren zapatuan, etena egitea erabaki izan ez balute. Oraingoan, dena den, beste planteamendu batekin datoz: lau kontzertu iragarri dituzte udazkenerako; San Agustin kulturgunean izango dira lau kontzertuak, doan, 22:00etan hasita denak.
Hasteko, Rudiger
Urriaren 30ean izango da lehenengo kontzertua, eta Rudiger izango da talde gonbidatua. Akizen (Frantzia) sortu, Donoztirin hazi (Nafarroa Beherea) eta gaur egun Beran (Nafarroa) bizi den Felix Buff musikariaren proiektua da, besteak beste Willis Drummond, Joseba Irazoki, Atom Rhumba, Gorka Urbizu, Rafael Berrio, Joseba B. Lenoir eta Ruper Ordorikarekin ibilitako bateria jotzailearena. 2020an sortu zuen Rudiger bakarkako proiektua Felix Buffek –haren bigarren abizenari egiten dio erreferentzia izenak–, eta bi album ditu kaleratuak: Before it Vanished eta The Dancing King. Pop musika egiten du.
Azaroaren 13an, Maraca Diabloren txanda izango da, herriko taldearena. Ina Iriondoren proiektua da, eta lagunak izango ditu oholtzan. Maraca Diablok bi disko ditu bakarka emanda: Hail Zigurat! eta El regreso del niño. Pandemian, Josu Iriondo –baxua–, Asier Etxaniz –gitarra eta ahotsa–, Anita Perez –ahotsa eta sintetizadorea– eta Rafa Furnierrekin –bateria eta perkusioa– elkartu, eta taldearen izen bereko diskoa eman zuten argitara: Maraca Diablo. Eta aurten, martxoan, lau lagun horien eta seme Eneko Iriondoren laguntzarekin Txaskario eman du argitara Iriondok.
Harat taldearen kontzertua izango da zikloko hirugarrena. Azaroaren 20an etorriko dira Mendarora. Ibai Gogortzak –gitarra, ahotsa–, Martin Arbelaitzek –bateria– eta Iñigo Telletxeak –baxua– osatzen dute taldea, eta Beratik datoz. Taldearen izen bereko disko bat dute merkatuan, 2022an argitaratua, eta rocka egiten dute.
Andoaingo Gailuk itxiko du Gararock Udazkenean ekimena, azaroaren 27an. Hain zuzen ere, gaur, Elgoibarko Sotoko Hotsak musika jaialdian izango den bi taldeetako batek –Xabier Badiola bakarlaria da bestea–.