Eguerdietan ere zabalduko dute gimnasioa asteko hiru egunetan

Ainara Argoitia Arano

Udal Gimnasioa zabaldu zen egun beretik eskatu dute herritar askok eguerdietan zabaltzea, eta bere egin dute arduradunek. Aurrerantzean, asteko hiru egunetan zabalduko dute eguerdietan.

2020an zabaldu zuten gimnasioa, ikasturte berria hastearekin batera, irailean, eta geroztik erabiltzaile kopuruak izugarri egin du gora. Garaiei lotutako kontua ere bada; izan ere, gorputza zaindu eta lantzeko kultura asko zabaldu da azken urteotan. Orain arte, baina, goiz eta arratsaldez zabaltzen zuten gimnasioa, eta itxita izaten zen eguerdietan. Hain justu ere, horixe izan da erabiltzaileek askotan txarretsi izan dutena. Herritarrek zein kanpotik Mendarora lanera etortzen diren askok eskatu izan dute eguerdietan ere zabaltzea, eta eskari hori bete egingo da. Izan ere, Udaletik jakinarazi dute aurrerantzean asteko hiru egunetan -astearte, ostegun eta ostiraletan- eguerdietan ere zabaldu egingo dutela, 12:30etik 15:00etara.