19:00etan hasi da jaialdia, gaztetxoen eskuz binakako partiduarekin. Amaiur Landa beasaindarra eta Intza Labaka ataundarra aritu dira gorriz eta Maria Balerdi amezketarra eta Izaro Aizpurua tolosarra izan dituzte aurkari, urdin jantzita. 18 tantotara jokatu dute partidua, eta estua izan da oso, baina azkenean, urdinak gailendu dira 18 eta 12ko emaitzarekin. Partidu amaieran "oso gustura" agertu dira gaztetxoak kamera aurrean. Erreferente dituzten pilotarien aurretik jokatzea ohorea dela esan dute eta aitortu dute nahi luketela haien bidea jarraitu. Ume-umetan hasi ziren laurak ere pilotan, eta gizonezkoak izan dituzte erreferente gertuak. Horregatik oso positibotzat jo dituzte gaurkoa bezalako aukerak. Hain justu ere, horrexetarako sortu zuten Emakume pilotarien Master Laboral Kutxa txapelketa: emakumeen pilotari ikusgarritasuna emateko, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko eta pilota gustuko duten gaztetxoei erreferenteak gerturatzeko.
Gaztetxoen ondotik, elite mailakoen partidua jokatu dute, udako torneoa urrezko ligako kanporaketakoa. Irati Benito eta Udane Ozaeta aritu dira gorriz, eta Lopez de Okariz eta Aldai urdinez, eta 22 eta 17ko emaitzarekin amaitu da partidua, urdinen alde.
Nolanahi ere, gaurko jaialdia hasterako erabakita zegoen bihar Oñatin zer lauk bikote arituko diren finalerdietan, bihar jokatuko baitira bi finalerdiak, 18:00etan hasita. Lehenengoan, Ibarrola eta Oses arituko dira Aldai eta Erasunen kontra, eta bigarren finalerdia, berriz, honako hauek jokatuko dute: Sagardui eta Zabalak Etxegarai eta Bergararen kontra. Bestetik, gaztetxoen biharko partidua ere lagunartekoa izango da, eta hauek izango dira eskuz binaka arituko diren lau pilotariak: Intza Arruti eta Itsasne Lizarralde batetik, eta Garazi Imaz eta Izar Etxezarreta bestetik.