Muskulu iskiotibialak apurtu zituen iaz Maiorak, eta ebakuntza egin behar izan zioten. Ezinbestean geldirik egon beharra iritsi zitzaion geldirik egoteko jaioa ez denari, eta pentsatzekoa da luze egingo zitzaiola errekuperazio aldia. Esloveniatik egindako adierazpenetan aitortu du korrika egiteko moduan jartzea beste helbururik ez ziola jarri bere buruari min hartu zuenean, eta bistan da bete duela helburua, eta nola!. Udan hiru maratoi jokatu ditu bere burua "probatzeko", eta dena "uste baino hobeto" irten zaio. "Horregatik hartu nuen Esloveniako Julian Alps Trail lasterketan saiatzeko erabakia". Esloveniara begira jarrita, hiru helburu jarri zizkion bere buruari: "Lesioa ahaztu eta beldurrak gainditu; lasterketan lehiatu, eta ahal nuen denbora onena egin, podiumean sartu eta Chamonixen Mendi Zuriaren bueltan jokatzen den UTMB lasterketa handirako sailkatzeko puntuak batzea". Aitortu du podiuma egitea ez zela helburu nagusia, baina ametsetan bazuela. "Oso polita izango zela jakin banekien", zehaztu du horren harira.
Bere lasterketa egin zuen atzo. "Zuhur jokatzea erabaki nuen, ezaugarriz ez zelako niri ondoen ematen zaizkidan lasterketen tipokoa. Desnibel gutxikoa da lehenengo kilometroetan, azkar egitekoa, eta niri, normalean, kosta egiten zait hasieran erritmoa hartzea. Erdikoa zen zatirik politena, sekulako parajeetatik igarotzen baita lasterketa, baina zoritxarrez behelainoa, haize handia eta euria egin zigun, eta ez genuen paisaiaz gozatzerik izan. Gauez hasi genuen lasterketa hilaren 18an, eta egun argiz iritsi ginen lekurik ederrenera, baina, esan bezala, ez genuen gozatzerik izan. Indarrak gordetzen joan nintzen, azkeneko zatia korrika azkar egiteko ingurua zelako, baina ikusi nuen ondo nindoala, gorputzak erantzuten zidala eta estutu nuen". Halaxe, hamabi bat orduz korrika egin ostean aurreratu zuen hirugarren zihoan korrikalaria, eta hura atzean lagatzeak emandako indarrak are gehiago piztu zuen. "Iosu -senarra- zegoen inguru pare horretan izan zen hori eta berak esan zidan bigarren zihoana gertu neukala, pare bat minutura. Eta haren bila abiatu nintzen. Jaitsiera batetik berriro gorako bidea hartu genuenean jo nuen begiz, eta lortu nuen atzean lagatzea. Ikusi nuen bera baino erritmo hobea neramala, gainera, eta hazi egin nintzen".
Helene Daisy alemaniarraren atzetik sartu zen helmugan mendaroarra, bigarren sailkapen nagusian, eta Ivana Colaric serbiarrak egin zuen hirugarren. Egindakoarekin pozarren agertu da Maiora. "Oso pozik nago. Gero eta zaharragoa naiz, baina eutsi nahi diot bizimodu honi ahal dudan bitartean".
