Udaletik azaldu dutenez, herriko puntu desberdinetan ipini zituzten abiada-moteltzaileak ekain amaieran, segurtasuna handitzeko helburuarekin. Bada, Alkortamendiko bidean jarritakoak, "Gaupasa" parean, irailaren hasieran ostu zituztela jakinarazi dute. Eta ez ei da lehen aldia. Aurreko agintaldian jarritako badenak ere leku beretik lapurtu zituzten.
"Leku hori arriskutsu bihurtu da autoek daramaten abiadurarengatik eta hainbat bizilagunek udalari eskatu izan diote istripu larririk gerta ez dadin neurriak har ditzala", esan dute Udaletik, eta berretsi dute herritarren segurtasuna zaintzen jarraitzeko asmoa dutela, "barkaezina litzatekeelako bestela, badenak ez jartzeagatik, autoren batek herritar bat harrapatzea". Jokabide axolagabe horiek onartezinak izateaz gain, guztion ondasunen aurkakoak ere badirela ohartarazi dute, diru publikoaren xahutzea ekartzen dutela-eta.
Diru publikoaren xahutze horren beste adibide bat da bizikletak garbitzeko guneko mangera apurtu izana. Mangera berria jartzeak 200 euroko kostua izan du. "Herritar guztion ahaleginarekin ordaintzen dira. Ondo zaindu, mesedez, guztionak diren baliabideak", gogoraerazi dute Udaletik.