Altzari berriak jarri ditu Mendaroko Udalak herriko aisialdi guneetan

Ainara Argoitia Arano

Herriko puntu ezberdinetan altzari berriak jarri ditu Mendaroko Udalak uda denboran, adin ezberdineko jendeak arbolapean egoteko eta sozializatzeko leku erosoagoak izan ditzan.

 

 

"Adin eta ezaugarri desberdineko herritarrek herrian bertan, eta, bereziki, arbolapean, aurtengo udakoak bezalako bero zakarretatik ihes egin eta egoteko leku erakargarriak izatea bilatu du udalak ekintza hauekin". Helburu horrekin sei eserleku, etzanleku bi eta mahai bat jarri ditu. Eserlekuetako lau Azpilgoetan jarri dituzte, Alderdi Eder kalean. L forma osatuz jarri dituzte, han dauden zuhaitzen itzalpea iristen den lekuan, udan berotik babestuta egoteko. Beste bi eserleku Andonegikua kale amaieran jarri dituzte, frontoitik ospitalera igotzen diren bi igogailuen artean dagoen berdegunean, gerizpean hauek ere. Trinitaten, bestalde, egurrezko etzanleku bi jarri dituzte, itzalpean, eta baselizaren atzeko aldean, piknik-eko mahai bat eta eserlekuak ipini dituzte, "aisialdirako eta sozializaziorako gune aproposa" dela iritzita.