Astean ordubetez bertsoaren munduan murgilduko dira bertso eskolan izena ematen dutenak, beti ere jolasaren, inprobisazioaren eta talde-lanaren bidez. Antolatzaileek gogorarazi dute bertsoa tresna bikaina dela sormena garatu, euskararen erabilera sustatu eta komunikazio gaitasuna lantzeko, eta parte hartzera animatu dituzte herriko haur eta nerabe guztiak. Azpimarratu dute ez dela gutxieneko maila bat izatea eskatzen eta ikasteko gogoa duen edonork parte hartu dezakeela. Asteroko saioez gain, aisialdiako zenbait ekintza ere eskaintzen ditu Bertsozale Elkarteak, hala nola Bertso Udalekuak, egunpasak, Gelatik Plazara ekimena, bertso saioak, bertsolarien bisitak, askariak eta abar.
Izena emateko bertsojolasa@gmail.com helbidera idatzi behar da, ondorengo datuak zehaztuz: izen-abizenak, herria, jaiotze urtea, eta guraso edo arduradunen baten izena eta kontaktua. Urteko kuota bakarra ordaindu beharko da, 40 eurokoa.