Hilario Rodeiro jazz musikari galiziarrak kontzertua emango du barikuan Mendaron, taldearekin

Ainara Argoitia Arano

Jazza gustuko duenak barikuan, urriaren 2an, dauka gozatzeko aukera Mendaron. Izan ere, Hilario Rodeiro Quintet taldeak kontzertua emango du San Agustin aretoan, 21:30ean hasita.

Pausa izenburuko bere azken lana aurkeztuko du Hilario Rodeiro bateria jotzaile, ekoizle eta konpositore galiziarrak barikuan. Gordon Lee, Ilja Reijngoud, Bob Sands eta Deborah Carter musikari handiekin kolaboratu izan du Rodeirok, eta Mendaron taldearekin arituko da. Itzal handiko lau musikari izango ditu ondoan: Kike Arza kontrabaxuarekin, Juan de Diego tronpetarekin eta Mikel Andueza eta Julen Izarra saxo banarekin.

Mesa 7 taldeak antolatu du kontzertua, Uztargi tabernaren, Gararock taldearen eta Mendaroko Udalaren laguntzarekin, eta San Agustin kulturgunean izango da, 21:30ean hasita. Sarrerak Uztargi tabernan eskuratu daitezke, aurrez, 15 euroan, baina aretoko sarreran ere eskuratu ahal izango dira.