"Herritar nagusien gaur egungo eta etorkizun hurbileko beharrak, baliabideak, gabeziak eta dauden zerbitzuak identifikatzea da proiektuaren helburua, eta horren arabera etorkizuneko lan-ildoak eta proposamenak zehaztea", azaldu dute Udaletik. Lanketa horren bidez, zaintza eta adineko pertsonen inguruko errealitatea "sakonago" ezagutu eta diagnostikoan antzemandako erronkei aurre egiteko Udalaren eta komunitatearen zeregina zein den jasoko dute. "Mendaroko biztanleriaren zahartzeak eta datozen urteetako erronkek aurrez prestatu eta hausnartutako erantzunak eskatzen dituzte. Horregatik da ezinbestekoa herritarren errealitatea lehen eskutik ezagutzea eta 60 urtetik gorako pertsonen ahotsa eta esperientzia prozesuaren erdigunean jartzea", zehaztu du horren harira Enetz Ezenarro alkateak.
Diagnostikoa osatzeko ondorengo kontu hauek aztertuko dituzte: bizi-baldintza fisikoak eta oinarrizko beharrak asetzeko duten gaitasuna; ongizate eta bizitza-baldintza emozionalak; denbora librearen eta aisialdiaren ezaugarriak; eta bakardade egoeran dauden pertsonen ibilbideen eta egoeren elementu gakoak. Diagnostiko hori egiteko, ikerketa-teknika ezberdinak baliatuko dituzte, eta elkarrizketa sakonak ere egingo dizkiete herriko edadetu batzuei. Era berean, galdetegi bat ere bidaliko diete 60 urtez gorako mendaroar guztiei.