Amaia Telleria idazlearen (Idiazabal, 1993) Haize-lekuak eleberria izango dute ikasturteko lehen irakurgaia Mendaroko irakurketa klubekoek. 2021ean Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Elkartearen Zilarrezko Euskadi Saria jaso zuen Telleriak liburu honengatik. 1939an girotutako obra da, eta Idiazabalgo nerabe baten istorioa kontatzen du. Mikela izeneko neska da protagonista, 13 urterekin Altsasura neskame joan, eta gerrak eragindako oinaze eta orbainak ezagutuko dituena. Amonaren testigantzetan oinarrituta idatzi zuen liburua Telleriak.
Urriaren 29ko saioan aztertuko dute liburu hori, eta hurrengo bi saioetarakoak ere zehaztu ditu Serranok: Bertol Arrietaren (Zarautz, 1975) Gezurra berdaderoa eta Eider Rodriguezen (Errenteria, 1977) Dena zulo bera zen. Koldo da Bertol Arrietaren nobelako protagonista, 44 urteko gizona, dena galdu duena: bikotekidea, lana... Hutsetik hasi behar horretan, pizzak saltzen hasiko da eta halako batean, golpera, konfinamendua ezarriko dute. Eider Rodriguezen Dena zulo bera zen, berriz, sei narrazioko ipuin liburua da.
Azaroaren 26ko saioan landuko dute Arrietaren liburua eta abenduaren 17koan, Rodriguezena. 17:30etara 18:30era elkartuko dira irakurzaleak liburutegian, eta plana gustuko duenak zabalik dauka oraindik izena emateko epea. Horretarako bi bide ditu: liburutegi@mendaro.eus helbidera idatzi edo 943 033291 telefonora deitu.
Haurren irakurketa taldea
Arno guraso elkarteak antolatzen duen haurren irakurketa klubean, berriz, atzo izan zuten ikasturte honetako lehen saioa, eta han ere badago oraindik izena emateko aukera. Horretarako Arno elkartekoekin jarri behar da harremanetan.
