Irakasle berriak dituzte aurten Mendaroko Gazteak dantza eskolan

Ainara Argoitia Arano

In Leike kultur elkarteak antolatzen ditu Mendaron euskal dantza eskolak, eta joan zen eguenean hasi zuten ikasturtea. Guztira, 48 lagun daude izena emanda, baina nahi izanez gero, oraindik badago taldera batzeko aukera. 

Urtetik urtera hazten ari da Mendaron dantzari taldea. Aurten, 48 ikaslek hasi dute ikasturtea dantza eskolan, eta horietako zazpi berriak dira, In Leike elkartetik jakinarazi dutenez. Nagusien taldean, 31 dira guztira, eta berriak bost, tartean hiru gizonezko. Haurren taldean, berriz, hamazazpi daude izena emanda eta horietako bat aurten hasi da. Irakasleak ere berriak dira aurten. Joan zen ikasturtean, Elgoibarko Haritz Euskal Dantzari Taldeko Eider Ansola eta Irati Arantzamendi izan zituzten irakasleak, eta aurten, bi mutrikuar: Irene Galarraga eta Ainhoa Aizpurua.

Dantza eskolak eguenetan izaten dira, Azpilgoetako kultur etxean. Haurren taldea bi multzotan banatuta dute: HH4tik LH1era artekoak 17:00etatik 17:45era elkartzen dira entseatzeko, eta LH2tik LH4ra artekoak, 17:45etik 18:45era. Nagusietan ere bi ordutegi bereizi dituzte: 18:00etatik 19:15era eta 19:15etik 20:30era. 

Izena emateko: mendaroninleike@gmail.com