Multikiroletako eta Jolasheziko izen-emateak apaldu egin dira; psikomotrizitatekoak, hazi

Ainara Argoitia Arano

BiziK JF elkarteak kudeatuko du aurtengo ikasturtean Eskola Kirola programa Mendaron, Udalak finantzatuta. Errealitate berri bati egin beharko diote aurre: batetik, eskola-umeak dezente gutxitu direlako azkeneko urteetan herrian, eta taldeak txikiagoak izateak zaildu egiten duelako entrenamendu saio erakargarriak antolatzea; bestetik, iazko apiriletik ez delako derrigorrezkoa ikastetxeko multikirolean parte hartzea benjamin eta alebin kategorietako klub baten jardueretan parte hartzeko, eta horrek eragina izan duelako Eskola Kirolean.

Iazko urte hasieran bota zuen atzera EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarri zuen betebehar hura, eta derrigortasuna kentzeak apaltze bat ekarri du multikirolean izena emandakoen kopuruan. Iazko ikasturtean, esaterako, %17ko jaitsiera igarri zuten Mendaron izen-emateetan, hutsa Gipuzkoako batez bestekoarekin alderatuta –%50etik gorakoa–, baina aintzat hartzekoa; are gehiago, Mendaroren ezaugarrietako herri batentzat.

LH3tik LH6ra bitarteko 45 neska-mutilek eman dute izena multikirolean –iaz, 69 izan ziren–, eta ostiralero izaten dituzte entrenamenduak ikastolako jolastoki handian. Jaitsiera handiena seigarren mailakoetan igarri da, lau lagunek bakarrik eman dute-eta izena. LH5en izena eman duten hemezortzi lagunekin elkartu eta bi talde osatu dituzte hirugarren zikloko haurrekin. Bigarren zikloan, berriz, guztira hogei umek eman dute izena: LH3ko hamaikak eta LH4ko bederatzik. Izen-emateek eragina izan dute taldekatzeetan, bai eta ordutegian ere. Joan den ikasturtera arte hiru talde bereizten zituzten eta aurten bi taldetan banatu dituzte haur guztiak, talde jolasetarako-eta aukera handiagoa izateko. 

'Jolashezi' eta psikomotrizitatea

Eskola Kirolaren barruan sortutako egitasmoa da Jolashezi, 6 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendua, eta hor ere apaltze txiki bat igarri da izen-ematean. Iaz, bederatzi umek eman zuten izena, eta aurten, zazpik: sei mutilek eta neska batek. Jolashezikoak asteartero batzen dira ikastolan, dela jolastoki txikian edo gimnasioan, eta astearteetan batzen dira, era berean, Arno guraso elkarteak Udalak lagunduta sortutako psikomotrizitate saioetakoak ere. Hain justu, hortxe izan da aldaketarik handiena aurten; izan ere, psikomotrizitatea lantzeko adin-tartean dauden ume gehienek eman dute izena: hamabostek: hamar neskak eta bost mutilek. Iaz, lau izan ziren.