Trikigiro elkarteak antolatu ohi du urtero izen bereko eguna Azpeitian, eta Mendarotik, Jare Agea, Elene Goikoetxea, Irantzu Agirregabiria, Garazi Ulazia, Iraia Arriola eta Irati Usobiaga gazteak batu ziren jaira, Saioa Lizarralde irakaslearekin batera. Ez dute estreinako aldia Azpeitiko ospakizun berezi horretan parte hartzen dutena, eta aurten ere, gozatu dute hango giroaz. Eguraldi eskasagatik, baina, ohi baino laburragoa izan zen kalez kale egin ohi duten kalejira. 19:00etan elkartu zituzten plazan denak, eta taldetan banatuta, kalejira labur batzuk egin zituzten herrigunean. Ondoren, Sanagustin kulturgunera batu ziren kalez kale ibili ziren soinu eta pandero jotzaileak, eta han, beste zenbait pieza jo zituzten. Afaldu ere bertan egin zuten, Sanangustinen. Guztira, 150 bat lagun elkartu ziren afaritan, eta txandaka-txandaka igo ziren gero oholtzara, beste pieza batzuk eskaintzeko.