Arratsaldez izango da urriaren 31ko ospakizuna. Hasteko, 16:30etik 18:00ak bitartean, galleta tailerra egingo dute frontoian. Era berean, aurpegiak margotzeko aukera ere izango dute haurrek, bai eta eskulan ezberdinak egiteko ere horretarako egokituko duten txokoan. Larunbatez izango da hori, baina astean zehar girotze ekintzak egingo dituzte bai ludotekan eta baita gaztelekuan ere.
Zapatuan, 18:30ean zabalduko dute antolatzaileek beldurrezko pasabidea San Agustin aretoan, eta ordubetez, mamu, sorgin eta arima galduen artetik igarotzeko aukera izango dute ausartenek. Gauerako, berriz, Deabru Beltzak taldearen Su Talka kale ikuskizuna iragarri du Udalak. 22:00etan hasiko dute kalejira Deabru Beltzakoek, Herriko Enparantzan, eta kalean hara-hona ibiliko dira taldeko perkusio jotzaileak Momorrotxo mozorrotuta, Altsasuko inauterien oihartzuna ekarriz Mendarora.
