Rüdigerrek hasiko du ostiralean 'Gararock udazkenean' kontzertu-zikloa

Ainara Argoitia Arano

Rüdigerrek kontzertua emango du ostiralean, hilaren 30ean, Mendaron. Hirugarren lan luzea duena aurkeztuko du bertan: Love is a muscle. Kontzertua San Agustin aretoan izango da, 22:00etan, doan, eta antolatzaileek barra txiki bat ere jarriko dute terrazan, 20:00etatik aurrera. Jendea espero dutenez,  kontzertura garaiz joateko eskatuko dute.

Felix Buffen proiektua da Rüdiger, eta bi disko eta EP baten ondotik, hirugarren lan luzea kaleratu berri du: Love is a muscle. Bederatzi kantuko diskoa da, musikari lagunen kolaborazioarekin osatu duena: Iban Urizar (tronpeta da The Whitest thing you'll ever be kantuan),  Joseba Irazoki (gitarra), Elena Setien (biolina), Anari (berea da Bi egun euskarazko kantuaren letra), Miren Narbaiza (ahotsa Bi egun kantuan), Vincent Bestavene (piano eta gitarra), Antoine Philippe (baxua) eta Jean Vernheres (saxofoia).

Maitasuna da diskoa egituratzen duen ideia. Polarizazioak eta ziurgabetasunak markatutako garai honetan maitasuna aldarrikatzen du Rüdigerrek eguneroko erresistentzia modutzat. "Elkarrengandik gero eta urrunduago gauden munduan, maitasuna da elkartzen gaituena; maitasuna da enpatia edukiarazten diguna, atrofia saihestu eta ezagutzen ez dugunarekiko beldurrik ez izatea eragiten diguna. Oso politikoa den zerbait dago maitasunean", dio. 

Biniloan eta CDan dago eskuragarri Love is a muscle albuma Usopop Diskaken webgunean -Usupop.com- edo Les Disques du Paradisen, baita streaming plataforma gehienetan ere. Hori bai, diskoa ez dago Spotifyn, artista ez delako plataforma horren praktika eta politikarekin guztiz ados. 

'Gararock udazkenean'

Gararock udazkenean zikloko hurrengo kontzertuak honako hauek izango dira, eta San Agustin aretoan izango dira hirurak, 22:00etan hasita, eta doan.

  • Azaroaren 13an: Maraca Diablo
  • Azaroaren 20an: Harat
  • Azaroaren 27an: Gailu