Haitzuloetako lehoi baten eskeletoa aurkitu dute Mendaroko leize batean

Ainara Argoitia Arano

Lehoiaren eskeletoa goitik ikusita, egindako fotogrametatik abiatuta. Iturria: Arkeoikuska 2024

2023ko martxokoa da aurkikuntza, eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroak urtero argitaratu ohi duen Arkeoikuska aldizkari espezializatuaren azken zenbakian dator jasota. Panthera spelaea azpiespezieko lehoi batena da eskeletoa, eta Mutrikuko Burumendi Espeleologia Taldekoek aurkitu zuten Ormola Bide Ondoko Leizean.

Duela bi aste izan zuen albistearen berri BARRENAk, baina diskrezioa eskatu zuten aurkikuntza gidatu duten paleontologo eta espeleologoloek, zientzia kontuek berariaz eskatzen dutena, eta isilean gorde dugu, ikertzaileek esku artean zerabilten informazio berria behar bezala emateko aukera izan zezaten, baina iritsi da aurkikuntzaren berri beste zenbait komunikabidetara ere eta hautsa nola zabaldu da sarean. Arkeoikuskan kaleratutako informazioarekin osatu dugu albistea, eta datorren asteko zenbakian jasoko ditugu protagonisten testigantzak. Izan ere, asteartean, hilaren 3an, dute aurkeztekoa ofizialki aurkikuntza Irungo Gordailuan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroan. 

Ormolako haitzuloetako lehoi horren aztarnetako batzuk, "osoenak eta errazen atera zituztenak", Alberto Manjon Garciak aztertu ditu master amaierako lanerako (Giza Eboluzioko Unibertsitate Masterra, Burgosko Unibertsitatea), Asier Gomez-Olivencia eta Monica Villalba de Alvarado arkeologoen zuzendaritzapean. Zehaztu dutenez, lehoi erdi-heldu batena da eskeletoa eta horixe du bereizgarri nagusia, Iberiar Penintsulan ez delako hain lehoi gaztearen eskeleto osorik aurkitu aurrez. Lehoiaren letaginen zabalerak pentsarazten die arra zela, eta epifisien fusio mailatik kalkulatu dute 2 eta 3 urte artean izango zituela hil zenean -hezur luzeen mutur borobilduetako bakoitzari esaten zaio epifisia; hezurraren zati nagusi eta luzeenari, berriz, diafisia, eta biak dira garrantzitsuak animalia baten adina kalkulatzeko. Izan ere, epifisiaren eta diafisiaren artean hazkunde-kartilagoa egon ohi da, zeinaren arabera luzatzen den hezurra, baina behin animaliak hazteari uzten dionean, kartilago hori hezur bihurtzen da.

Burumendi Espeleologia Taldekoen aurkikuntza

Ormola Bide Ondoko Leizean galeria berri bat miatzen ari zirela topatu zituzten aztarnak Burumendi Espeleologia Taldekoek. Eskeletoaren zati handi bat anatomikoki lotua topatu zuten, baina aztarna batzuk askatuta zeuden hezurdura nagusitik, grabitatearen edota leize barruko ur jarioaren eraginez. Eskeleto osoa ez da berdin kontserbatu, beraz. Zati batzuk "osorik eta egoera onean" aurkitu zituzten, eta beste batzuk, berriz, "hautsita, bloke azpietan harrapatuta, pitzatuta, zatikatuta edota formazio espeleotemikoek erabat edo partzialki estalita". Hau da, kobazulo barruan uraren jarioak sortzen duen egitura geologikoek estaliak. 

Kobazulorako sarrera ere ez zen lanerako egokiena eta, aldizkarian azaldu dutenez, fotogrametria baliatu behar izan zuten aztarnak berreskuratu eta induskatzeko. Argazkiak erabilita, topatutako aztarnen eta inguruko azaleraren forma, dimentsioak eta kokapena zehatz-mehatz neurtzeko eta aztertzeko erabiltzen den teknikari esaten zaio fotogrametria. Gero, solte zeuden piezak aparteko konplikaziorik gabe atera ahal izan zituzten leizetik, poltsatxotan sartuta eta behar bezala ezaugarrituta, baina beste zenbait aztarna ateratzeko, adibidez lepoko ornoak eta garezurra ateratzeko, metodo mekanikoak erabili behar izan zituzten. Gazetan bilduta babestu zituzten haiek, eta kontu handiz atera zituzten kanporatzean horma ukitu eta honda ez zitezen, espeleologoen laguntzari esker.

Indusketa lanek abenduaren 2tik martxoaren 10era arte iraun zuten, eta guztira hamar aldiz sartu ziren kobazuloan indusketa lanak egin eta aztarnak atera ahal izateko bakarrik. Aurretik, baina beste hamalau alditan sartu ziren kobazulora miaketa lanak, balorazio arkeologiko-paleontologikoa eta fotogrametria egiteko. Zientzialariek Burumendi Espeleologia Taldekoek egindako lana goraipatu dute horren harira, haiek emandako jarraibideei eta prestakuntzari esker sartu ahal izan zirelako paleontologoak lehoiaren eskeletoa topatu zuten lekuraino. Guztira, hemezortzi lagunek parte hartu zuten aurkikuntza honetan: Asier Gomez eta Monica Villalba de Alvarado paleontologoek, Jexus Tapia arkeologoak, Euken Alonso fotometrian adituak eta espeleologoek: Burumendi Espeleologia Taldekoek eta Bittor Abendaño eta Pedro Intxaurragak.