Euskarak arnasa hartuko badu, konpromisoak hartzea derrigorra ikusten du UEMAk

Ainara Argoitia Arano

Urriaren 18an 'Esnatu' dinamika aurkezteko Mendaroko udaletxean herriko eragile ezberdinetako ordezkariekin egin zuten bilerako argazkia.

'Zer ekarpen egiten dio zure erakundeak euskarari?' galdera egin die herriko eragileei UEMAk, 'Esnatu' dinamikaren baitan, eta azaroaren erdialderako konpromiso batzuk adosteko prestutasuna dute haietako batzuek

Azken ikerketek eta datu soziolinguistikoek alarma guztiak piztu dituzte. Euskara larrialdi egoeran dago, "minorizazio gorrian", eta arnasguneen gainbeherak ez du etenik –hamar urte barru arnasgunerik gabe geratzeko arriskua dago–. Nabarmena da lurgune euskaldunen ahultzea, eta horrek, bistan da, larriagotu egiten du euskararen egoera orokorra. Eta, horregatik, "ezer egin ezean gainbeherak etenik izango ez duelako", egoera iraultzeko konpromisoak hartzera deitu ditu eragileak UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Esnatu dinamikaren baitan. Urriaren 15ean aurkeztu zuen dinamika, Mendaron, UEMAko teknikari Ibon Aginagak, eta bileran parte hartu zutenek nork bere elkarte edo taldean euskarari egin diezaioketen ekarpena zehazteko eta konpromiso batzuk adosteko borondatea agertu zuten. Aurrerago herrian agerraldi bateratu bat egiteko aukera ere aipatu zuten bileran.

Ardura hartzeko eta konpromisoetarako garaia

Euskarak arnasa hartuko badu, konpromisoak hartzea ezinbestekoa da. Horixe da mezua, eta arrazoiak UEMAren eskariz Siadecok egindako Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria, 2026. Proiekzio demolinguistikoa ikerketaren emaitzetan topa daitezke. Eremu euskaldunenaren gainbehera aurreikusten du ikerketak, arnasguneak ia galtzeraino. Hiru dira ondorio nagusiak. Bat: aldaketa demografikoa. Jaio baino herritar gehiago hiltzen da gaur, eta horrek euskararen indarberritzea mantsotzen du. Mendarora etorrita, iaz, 13 ume jaio ziren eta hamabost lagun hil. Beste datu bat: 2016-2020 urteen artean 85 haur jaio ziren herrian, eta 2021etik 2025era, 49 –Eustat-enak dira datuak–. Bi: euskararen gune trinkoak ahultzen ari dira. Euskal Herrian, euskal hiztunen %89,4 erdara nagusi den eremuetan bizi dira –2.454.002 hiztun–, eta %4,7, arnasguneetan, euskara nagusi den eremuetan. Eta hiru: euskararen erabilerari dagokionez, atzerapausoak agerikoak dira haur eta gazteen artean. 2001ean, 2-14 urte bitartekoen %18,7k euskara zuten lehen hizkuntza, baina, 2036rako proiekzioaren arabera, %13 baino ez dira izango. Aldiz, gaztelania lehen hizkuntza zutenak %70,3 ziren 2001ean, eta 2036an %60,2 izango direla aurreikusten da. Lehen hizkuntza euskara eta gaztelania ez dutenak, berriz, %1,3tik %15,5era igotzea aurreikusten da 2036rako.

Erdaraz euskaraz baino errazago

Udalerri euskalduna da Mendaro, euskaldunen indizeak %70eko gutxienekoa gainditzen duelako. Hala ere, erdaraz euskaraz baino errazago egiten dutenak gehiago dira. Hala ondorioztatu du UEMAk, biztanleria zentsuetatik, Inkesta Soziolinguistikotik eta Espainiako Institutu Nazionalaren inkestetarako datuetatik abiatuta. Mendaron, herritarren %30 dira euskal gaitasuna nagusi duten hiztunak: 482 guztira. Aldiz, erdaldun elebakarrak, erdaldun hartzaileak eta erdal elebidunak 793 dira, hiztunen %49,5. Eta, jakina, hizkuntza bat erabiltzeko erraztasuna edo gaitasuna zuzenean dago lotuta erabilerarekin. Hala, kale erabilera neurtzeko egindako azken neurketa ofizialaren arabera –2021koa da–, euskararen erabilera %43,9koa da Mendaron, eta, uste askoren kontra, 2 eta 14 urte artekoek egiten dute euskara gehien kalean (%53,4); gutxien, berriz, 15-24 urte artekoek (%23,7). Datu kezkagarria da, eta, aurten kale erabilera neurtzeko lanetan aritu direnen pertzepzioen arabera, dezentez datu larriagoak azaleratuko dira, 2027ko udazkenerako espero baitira oraintsu egin dituzten neurketen ondorioak.

Horrenbestez, nagusitasun argirik gabeko udalerria da gaur Mendaro. Euskararen etxeko erabilera eta kale erabilera gurutzatuta ateratzen duten kalkuluan –erabilera sintetikoa– oinarritzen dira herri baten euskalduntasuna zenbatekoa den esateko. Hau da, udalerri bat arnasgune betea, erasana edo nagusitasun argirik bakoa den esateko –erabileran, euskararen pisua %40-60koa denean–. 

Euskal gaitasuna nagusi duten hiztunak herritarren %30 dira Mendaron: 482 guztira

Hurrengo pausoak 

Euskararen alde zer egiteko prest dauden erabaki behar dute orain Mendaroko eragileek. Konpromisoak hartu eta UEMAk bere webgunean duen Hartu konpromisoa atalera igo daitezke, ahal izanez gero kanpainari babesa agertzen dion talde-argazkia gehituta. Nolanahi ere, urriaren 15eko bileran parte hartu zutenek Mendaron bertan kanpaina babesteko agerraldi bat egiteko aukera ere aipatu zuten. Bileran ez zuten ezer lotu, baina litekeena da datozen asteotan Esnatu kanpainara batu diren herriko eragileek elkarrekin agerraldi publikoren bat egitea, euskararen arnasa emateko ahaleginaren baitan.

Udaberriko saiotik ateratako ideia nagusiak

Udaberrian, UEMAk gidatuta Mendaron egin zuten batzarrean parte hartu zuten eragileetako ordezkariek hainbat egiteko zerrendatu zituzten, eta egiteko horietan zertan lagundu dezaketen aztertuko dute orain, nork bere etxean. Honako hauek ziren ideia nagusiak: euskaldun ahaldundu-kontzientziatuak sortzea, euskarak dena lortu duen ustea zabalduegi ikusten delako; transmisioa eta kontzientzia lantzea eta euskarari prestigioa ematea; hezkuntzatik eragitea, beti ere emozioetatik eta gozamenetik abiatuta, sinistuta handik baino ez dela lortuko jende bat euskarara gerturatzea; euskaraz bizitzeko eskubideak bermatzea; eta etorri berriekin hizkuntzaren gaia lantzea.

ESNATU ALA HIL 

Lurgune euskaldunak sendotu, eta, horrekin, euskararen indarberritzea hauspotu nahi ditu UEMAk, eta, horretarako, euskararentzako Lurralde Estrategia aurkeztu zuen otsailean, lau lan-ildotakoa. Bi ziren helburuak: batetik, arnasguneak eta Mendaro bezalako udalerri euskaldunak babesteko legea artikulatzea; eta, bestetik, eremu euskaldunerako plan integral bat osatzea, askotariko eragileak bidelagun hartuta. Gero etorri da Esnatu, ardura eta erantzukizuna uztartzen dituen dinamika. Gaur egun, 120 udal biltzen ditu UEMAk eta 350.000 biztanleko lurgune euskalduna ordezkatzen du, eta udalerri horietan galdera bat egin die eragileei: Zer ekarpen egiten dio zure erakundeak euskarari? Abenduaren 1ean egingo den ekitaldi batekin emango diote amaiera Esnatu dinamikari, Orion.