Serra de Tramuntana traila irabazi du Maite Maiorak Mallorcan, UTMB zirkuituko 138 kilometroko lasterketa

Ainara Argoitia Arano

Maite Maiora irailean Eslovenian jokatu zuen lasterketan. Arg.: Josu Juaristi

Eslovenian, UTMB zirkuituko 120 kilometroko lasterketan bigarren egin zuen irailean, eta gaur, zirkuitu bereko 138 kilometroko lasterketa irabazi du Mallorcan Maite Maiorak: Serra de Tramuntana.

 

138 kilometro eta 5.350 metroko desnibel positiboko ibilbidea osatzen azkarrena izan da mendaroarra Mallorcan.  Estellencs herriko izen bereko kalan hasi zuten lasterketa atzo, 22:00etan, eta Esporlesen bukatu gaur, Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako Tramuntana mendilerroan barrena 138 kilometro eginda. Gehienez 30 ordu eta erdiko denbora zuten ibilbidea osatzeko, eta 18:01:17ko denboran amaitu du Maiorak, sailkapen nagusian hamazazpigarren eginda. Celine Finas  frantziarra sailkatu da emakumezkoetan bigarren postuan, 19:28:31ko denbora eginda, eta Andrea Vlasakova txekiarrak egin du hirugarren (20:20:19). Gizonezkoetan hiru frantziarrek osatu dute podiuma: Lambert Santellik (14:38), Jeremy Lenormandek (15:20) eta Gabriel Airiauk (15:32).