Nondik nora

Youla Louty: "Bihotza hausten zait Ceutako irudiak ikustean; denok merezi dugu bizitza hobea"

Ainara Argoitia Arano

Youla Louty.

Senegalgo ipar-mendebaldekoa da sortzez Youla Louty (Saint-Louis, Senegal, 1981). Senegal ibaiaren bokaletik 25 bat kilometrora dago Saint-Louis, bi kilometro luze eta 400 metro zabal den uharte batean, eta, batez ere, arrantzatik bizi dira, baina turismoak ere tira handia du; bereziki, 2000. urtean Unescok gizadiaren ondare izendatu zuenetik uhartea. "Hiri handia da Saint-Louis, bizia eta abegikorra, eta Dakarren aurretik Senegalgo hiriburu izan zen. Benetan da ederra. Joan beharko zenuke ezagutzera", dio jaioterriaren miraz Loutyk. 

Senegalgo ipar-mendebaldekoa da sortzez Youla Louty (Saint-Louis, Senegal, 1981). Senegal ibaiaren bokaletik 25 bat kilometrora dago Saint-Louis, bi kilometro luze eta 400 metro zabal den uharte batean, eta, batez ere, arrantzatik bizi dira, baina turismoak ere tira handia du; bereziki, 2000. urtean Unescok gizadiaren ondare izendatu zuenetik uhartea. "Hiri handia da Saint-Louis, bizia eta abegikorra, eta Dakarren aurretik Senegalgo hiriburu izan zen. Benetan da ederra. Joan beharko zenuke ezagutzera", dio jaioterriaren miraz Loutyk. 

Nolatan etorri zinen Euskal Herrira?

Senarraren atzetik etorri nintzen. Ezkondua nengoen, baina senarra Euskal Herrian neukan lanean zazpi bat urtean. Hamabost urte baino gehiagoan dabil elektrikari lanean Mendaroko enpresa baten. Nire herrialdeko beste askoren aldean, bidaia erosoa izan nuen nik, senarrak zuzendu zizkidalako paperak hona etortzeko eta hegazkinez egin nuelako honako bidea. Askok, etsi-etsian, itsasoz etortzea erabakitzen dute eta mafien esku jausten dira. Oso bide arriskutsua da hori, eta inguruko guztiei esaten diet mesedez bide hori ez hartzeko, itsasoa baino hilerri handiagorik ez dagoelako munduan gaur, eta bizitza delako daukagun gauzarik baliotsuena. Bihotza hausten zait Ceutako irudiak-eta ikustean; denok merezi dugu bizitza hobea, eta inork ez jende horrek bizi duen kalbariorik.

Hiri handi batetik Mendarora. Nolakoa iruditu zitzaizun gure herria lehen begi-kolpean?

Eguna eta gaua bezain ezberdinak. Senegalera itzultzea desio izan nuen lehenengo unetik bertatik. 2018ko otsailaren 12an iritsi nintzen hona, negu gorrian, zazpi hilabeteko alabarekin eta 11ko beste alaba han lagata. Ez nintzen hemengo hotzera ohitzen, eta jendea oso itxia iruditzen zitzaidan Senegalgoaren aldean. Gu han familia handi bat gara, elkar ez ezagutu arren. Hori da gure kulturaren ezaugarria. Zuena beste kultura bat da, eta ulertu dezaket ezezagunari atea zabaltzea kostatzea. Poliki egin behar da hori. 

Errutina bera ere gogaikarria zitzaidan hemen. Senarra lanean ari zen bitartean, nik etxean egon beharra neukan umea zaintzen, ordu askoan bakarrik. Euskal Herrian erditu nintzen hirugarren haurraz ere. Mutila jaio zitzaigun, baina jaio eta astebetera galdu genuen, eta kolpe hark jota laga ninduen. Alaba bat Senegalen gurasorik gabe; semea hilda... Baina gauza polit bat kontatuko dizut: lehenengoz hemen ikusi nuen elurra, eta liluratuta gelditu nintzen. Leiho ondoan jarri, eta kalera begira egon nintzen luzaroan, ipuin batean banengo moduan. Orain, lasaiago nagoenetik, ia dena gustatzen zait hemendik.

Gehien, zer?

Lanerako aukerak. Senegalen ere lana badago, baina hutsa irabazten da han. Hemen lan asko egin dut, baina orain, titulu soziosanitario ofiziala ateratzeko ikasten ari naiz, mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko. Gustatuko litzaidake goizetan lau bat orduko lana topatzea, ikasten jarraitu ahal izateko. Gustatzen zait ikastea, eta asko gustatzen zait gure alaba hemen bertakotuta ikustea. Euskara ikasten ere hasi nintzen, talde bat sortu zutelako eguerdietan, umeak eskolan dauden denboran. Garrantzitsua da hori. Hala ere, zaila egiten zait euskaraz hitz egitea, ez diodalako ezagutzen ditudan beste hizkuntzen antzekotasunik hartzen. Frantsesa, ingelesa, wolofera eta gaztelania hitz egiten ditut, eta hitz batzuk euskaraz. Alabari laguntzeko eman nuen izena euskara eskoletan, eta eskola haiek balio izan zidaten lagunak egiteko. Euskara eta Tratu Onen Aldeko Taldea lagungarri izan zaizkit herrian jendea ezagutzeko, eta baita semea galdu ondoren nuen hutsunea betetzen laguntzeko.

Zein garrantzitsua den babes-sareak sortzea, ezta?

Bai. Tratu Onen Aldeko Taldeko lagun batek joste tailerrera gonbidatu ninduen behin, eta gustatu egin zitzaidan, baina ez daukat halakoetarako astirik. Lan egitea da nire lehentasuna, baina oso inportantea iruditzen zaizkit aisialdiko talde horiek; bereziki, emakumeentzat. Egia da, hala ere, etorri berritan beste lehentasun batzuk izaten ditugu, urgenteagoak: etxea topatu eta ordaindu behar da, jan egin behar da, umeak hemengora lehenbailehen egiteko bidea egin behar da... Lan egin nahi izaten dugu, baina beti ez da erraza, ume txikien ardura izaten dugulako. Haurreskola eta eta zaintza zerbitzua oso garrantzitsuak dira herrian, emakumeok lanera lasaiago joan ahal izateko. 

"Senegalera itzultzea desio
izan nuen lehenengo unetik bertatik"

Hizkuntza eta kultura aipatu dituzu. Nola bizi duzue zuek zuena hemen?

Etxean saiatzen gara gure kultura transmititzen. Nik ez diot gurea denik onena, baina geuri dagokigu geurea zaintzea. Hala ere, ez diet aterik ixten beste kulturei, bizitzarako gauza baliagarri asko ematen digutelako beste kulturek. Etxean woloferaz hitz egiten dugu, baina alabak, askotan, euskaraz edo gaztelaniaz erantzuten digu, eta gustatzen zait, hura hemengoa ere badelako. 

Zuen kulturatik gustatzen zait asko Olentzeroren etorrera eta Errege Magoen desfilea. Gustatzen zitzaidan asko, baita ere, Mendaron pare bat urtean egin zen kulturaniztasunaren jaia, eta gozatzen dut asko alaba santanetan danborradan ikusten. Perkusioak tradizio handia dauka Senegalen, eta gustuko dut alaba danborra zuen eran jotzen ikustea. Pozik ikusten dut hemen, eta ez dago hori baino gauza handiagorik ama batentzat. Birritan izan da Senegalen alaba [9 urte ditu]. Lehenengoan, beste mundu bat iruditu zitzaion eta arraro begiratzen zien denei, eta, bigarrengoz gindoazela esan nionean, ez zuela nahi esan zidan, baina gero, itzuli nahi ezta egon zen. Senegal zoragarria da, eta irakurleak animatuko nituzke hura bisitatzera.