Gaur ere betea dago Mendaroko Landa erretegia, eta ez da lanik falta sukaldean, baina gaurkoan, irribarre handiarekin dabiltza lanean sukaldariak. Tabernan sartzeaz batera, mahai luzean eserita dagoen kuadrilla handiko bi bazkaltiarrek, mendaroarrak biak, sakelako telefonoa erakutsi diote kazetariari, eta harro erakutsi diote herrikideak topatutako onddoaren irudia.
Argazki horren bila joana da kazetaria, eta sukaldera pasarazi du ugazabetako batek, Juan Mari Landak, Asierren anaiak. BARRENA ez da jatetxera ikusmiran joan zaien bakarra. Hantxe dago onddoa bere begiz ikustera hurbildu den herriko perretxikozale bat ere. Izan ere, ikustekoa da. Neurri horretako onddoak zahartuak egon ohi dira normalean, baina guri-guri dago hau, oso-osorik, eta gogor. 31 zentimetroko diametroa du txapelak eta 1.550 gramoko pisua ale osoak. "Perretxiko asko batutakoa naiz, eta zer esanik ez aurten, baina halakorik sekula ez dut jaso. Txapela ikusi dudanean, apartetik, enbor zati bat zela ere pentsatu dut. Jaso eta kontu handiz ekarri dut etxera", zehaztu du Asier Landak. Aldamenean ditu anaia eta laguna, miraz begira, perretxiko bakar horrekin zenbatentzako onddo nahaskia egin ote daitekeen kalkulatzen, eta otar batean dituzte Asierrek gaur batutako beste zenbait ale ere. Erantzuna zein izango zen jakin arren, beste askok egingo dioten galdera egitera ausartu dira ikusmiran batutakoak: "Eta, inguruan jaso al duzu?". Ez du askorik pentsatu. "Bai, mendian", bota du irribarre maltzurrez. Tentatu dute berriro: "Inguru gertuan?". Eta berak: "Bai, Mendaroko lurretan".
Gaur-biharretan Landa erretegira inguratzen denak izango du probatzeko aukera. Edo ez, halakoak etxekoekin gozatzea delako beste aukera bat.