Jubilatuen tabernaren ustiapena esleitzeko lizitazioa hasi du Mendaroko Udalak

Ainara Argoitia Arano

Jubilatuen lokaleko obretako argazkia. Artxibokoa

Jubilatuetako tabernaren kontratazio-espedientea onartu eta hura arautuko duten administrazio-klausulen eta preskripzio teknikoen agiriak aho batez onartu ostean, taberna bera kudeatzeko lizitazio-prozedura hasi zuen martitzenean Mendaroko Udalak. Abenduaren 2ra arteko epea dago eskaerak aurkezteko.

Zehaztu dutenez, esleipena prozedura irekiaren bidez egingo dute, eta kontratuaren hasierako iraupena urtebetekoa izango da, nahiz eta urtez urte luzatu ahal izango duten, gehienez ere lau urterako. Gutxieneko lizitazio-kanona, berriz, urteko 4.500 euroan ezarri dute, eta lizitatzaileek gorantz hobetu ahal izango dute kantitate hori.

Dokumentazio guztia, Udalaren webgunean

Lizitazioari buruzko dokumentazio guztia Mendaroko Udalaren webgunetik sar daitekeen kontratatzaile-profilean dago eskuragarri –bai baldintza administratiboen plegua, bai preskripzio teknikoen plegua–, Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforman. Udalak zehaztu du azaroaren 3tik abenduaren 2ra aurkeztu ahal izango direla eskaerak, bi egun horiek barne, eta, zalantzarik izanez gero, honako telefono honetara deitzeko eskatu dute; betiere, lanegunetan eta 09:00etatik 15:00ak bitartean: 688 68 70 89. 

Enetz Ezenarro alkateak zehaztu du lehenbailehen lotu nahi dutela kontu hori, obrak amaitu eta taberna irekitzeko prest dagoen momentuan bertatik hasteko zerbitzua ematen. Eta gaineratu du: "Eperik laburrenean bai jubilatuen lokala eta bai taberna martxan jartzea da gure asmoa".