Udaletxeko sarrerako atea parez pare zabalik egon da gaur arratsaldean Mendaron eta, barrutik zetorren musika hotsak erakarrita, banaka-banaka, makina bat lagun gerturatu da atariraino barruan zer ote zegoen jakin nahian. Herri txikia izanda, askotariko ekintzak egin ohi dira Mendaron udalbatza-aretoan, dela hitzaldiak, solasaldiak, batzarrak, aurkezpenak eta ipuin kontaketa saioak esaterako, baina nekez gaurkoa moduko ekintzarik. Plazatik entzun zitekeen gaur jai-giroa. Izan ere, festa zuten gaur jubilatuek udalbatza-aretoan: txokolate-jana lehenengo, eta dantzaldia gero. Aizpe elkartean zuten egitekoa, baina astean zehar jakinarazi dute azken orduko kontu bategatik udaletxera aldatuko zutela. Eta halaxe egin dute. Udalbatza-aretoan mahaiak eta aulkiak jarri dituzte U forman, eta aurrean, normalean zinegotziak egon ohi diren mahai bueltan, atondu dute dantzalekua. Gustua ematen zuen hango bizipozak.