Maraca Diablok kontzertua emango du bihar Mendaron, 'Gararock udazkenean' zikloaren barruan

Ainara Argoitia Arano

Berezia izango da Maraca Diablok bihar, hilak 13, Mendaron emango duen kontzertua. Berezia, etxean arituko direlako, herrikide eta betiko lagunen aurrean; eta berezia, aurten hamargarren edizioa izango lukeen jaialdiaren partez antolatu duten Gararock udazkenean kontzertu-zikloaren barruan joko dutelako, beren-berea duten proiektuaren baitan. Hona taldekideek egin duten gonbidapena.

San Agustin aretoan izango da kontzertua, 22:00etan, doan, eta antolatzaileek aurreratu dute bihar ere barra jarriko dutela musika eskolako terrazan, Rudigerren kontzertuan egin zuten moduan. Orduko hartan, Gararock taldekoek eurek jardun zuten terrazan musika jartzen, baina, bihar, Ondarra disko-jartzaile mendaroarrak beteko du lan hori. 20:00etan zabalduko dute barra, eta dei berezia egin diete mendaroarrei kontzerturako. "Guk kontzertuetara etortzen diren guztiak hartzen ditugu pozarren; musikazale guztiak ditugu estimuan, baina Gararock sortu bagenuen mendaroarrentzat izan zen, herriko kultura aberasteko. Hori da gure erronka: herriko jendea erakartzea", esan du Ina Iriondok.

Hain justu ere, harena da Maraca Diablo proiektua, lagunen abaroan ondu duena. Ina Iriondoz gain –ahotsa, gitarra eta teklatua–, Rafa Furnier –bateria eta perkusioa–, Josu Iriondo –baxua– eta Ana Perez –ahotsa, sintetizadorea eta theremina– igoko dira bihar oholtzara, eta aitortu dute ilusio handiarekin daudela. Martxoan argitaratu zuten adiskidetasunari eskainitako Txaskario diskoko kantuak izango dira kontzertuko kantu-zerrendaren ardatz, baina, jakina, beren aurreko lanetako kantuak ere tartekatuko dituzte, "animatuenak edo, kontzertu bizia eta dinamikoa" egiteko asmoz igoko dira-eta agertokira. Iriondoren arabera, ipurdia eserlekura lotuta izatea zail egiten duten kontzertua izatea nahi lukete bihar gauekoa.

Beste bi kontzertu, azaroan

Biharkoa egindakoan, beste bi kontzertu faltako dira Gararock udazkenean zikloa ixteko. Azaroan izango dira biak, ostiraletan: bata, Harat taldearena, azaroaren 20an; eta bestea, Gailu taldearena, azaroaren 27an. Lekua eta ordua, berriz, orain arteko berberak izango dira. San Agustin aretoan eta gaueko hamarretan hasita. Orain arteko beste biak bezala, hurrengoak ere doan izango direla esana dute antolatzaileek.