Indarkeria matxistatik bizirik atera diren emakumeen kolektiboa da Somos Mas, Zaragozan beren bizitzak berreraikitzeko eta beste emakume batzuei askatasunerako bidean laguntzeko indarra egiteko elkartu direnena.
Testigantzak, oinarri
Angel M. Salok zuzendu du dokumentala, zinemako profesionalen parte-hartze zabalarekin eta Somos Mas elkartearen laguntzarekin. Dokumentalean, indarkeria matxistatik bizirik atera diren emakumeen testigantzak jaso dituzte, bai eta osasun eta psikologia arloko, gizarte zerbitzuetako, hezkuntzako eta Poliziako profesionalenak ere. Dekalogo gisa egituratua dago ikus-entzunezkoa. Indarkeria matxista ahalbidetzen duten botere-harreman desorekatuetan jartzen dute arreta, eta botere harreman horiek indarkeria betikotzeko erabiltzen dituzten mekanismo eta dinamikak aletzen dituzte, azaltzeko horrek guztiak nola eragiten dien emakumeei eta baita haien seme-alabei ere. Baina beste helburu bat ere badu dokumentalak: indarkeria matxista pairatu dutenak biktima huts gisa azaldu ordez, aldaketarako, prebentziorako eta gizartea eraldatzeko eragile aktibo gisa aurkeztea.