Artilezko lepokoak egiteko ikastaroa antolatu du In Leike kultur elkarteak ostiralerako

Ainara Argoitia Arano

Josi ta Josi taldeko lagun batzuk, joan zen ostiralean, egin zuten ikastaroan. Arg.: Dorleta Lazarobaster

Hasita daude Debabarrenean neguko jaiak. Soraluzeko Gaztañerre azoka eta Ermuko San Martin azokaren ondotik, datorren astean sanandresak ospatuko dituzte Eibarren, eta gero, abenduaren 5ean, Kontzezio azoka egingo dute Mendaron. Ospakizun hauetan guztietan baserritar jantziak jantziko dituzte askok, eta artilezko lepokoak -tokillak-falta dituzten mendaroarrek orain dute, lagunduta, berena sortzeko aukera. Izan ere, ikastaroa antolatu du In Leike kultur elkarteak.

 

 

Josi eta Josi taldekoentzako eskaintza zena herrira zabaldu du In Leike kultur elkarteak. Joan zen ostiralean egin zuten  ikastaroa Josi ta Josikoek. Orain, baina, beste ikastaro bat antolatu dute hala nahi duten mendaroar guztiei irekia. Ostiralean, hilaren 20an, egingo dute ikastaro hori,  udaletxeko hirugarren solairuan, 16:00etatik 19:00etara. Ikastaroaren prezioa 80 eurokoa da, baina erdia In Leike kultur elkarteak finantzatuko du, beraz, 40 euro ordainduko beharko ditu izena ematen dutenek. Interesatuek mendaroninleike@gmail.com helbidera idatzi behar dute izena emateko, beranduenez azaroaren 19rako (osteguna). Bergarako Black3 Bordatuak dendako Maribel Carazo Iturriagak emango du ikastaroa.