Euskadiko Trontza Txapelketa irabazi du Uxue Ansorregik, Aurkene Arokarekin bikotea osatuta

Ainara Argoitia Arano

Uxue Ansorregi eta Aurkene Aroka, pozarren, joan zen ostiralean, Donezteben. Arg.: Ansorregik lagatakoa

Sasoi beteko dabil Uxue Ansorregi (Mendaro, 1995). Joan zen ostiralean, Euskadiko Emakumezkoen Trontza Txapelketa irabazi zuen Donezteben, Aurkene Aroka lagun hartuta.

Nafarroako Lehen Mailako Aizkolari Txapelketa eta Euskadiko Emakumezkoen Trontza Txapelketa jokatu zituzten joan zen ostiralean Doneztebeko Ezkurra frontoian, eta trontzako txapelketan jantzi zuen txapela Uxue Ansorregi mendaroarrak, Aurkene Aroka berriozardarrarekin bikotea osatuta. Iazko sanferminetan irten ziren plazara estreinakoz elkarrekin Ansorregi eta Aroka, Nafarroako txapelketan, eta aurten, bigarrengoz, eta biak irabazi dituzte. Euskadiko Txapelketarako ere gogor prestatu direla aitortu du mendaroaarrak eta onena ematera joan zirela Doneztebera. Egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin, berriz, "ezin pozago" daude: "Hamaika hilabetez, asteazken eta igande arratsaldero egon gara entrenatzeko batzen. Enbor-ebaketa guztiak zenbatu ditugu entrenamenduetan eta 3.000tik gora egin ditugu. Julenek esana zigun Nafarroako txapelketa irabazteko gutxienez 1.000 ebagi egin behar genituela eta Euskadikoa irabazteko gutxienez 2.000 bat, eta halaxe hasi ginen zenbatzen", aitortu du. 

Ostiralean, sufritu baino gehiago gozatu egin zutela aitortu du, aurretik joan zirelako hasiera-hasieratik. Hamabost ebaki egin zizkioten 45 ontzako enborrari zortzi minutu eta lau segunduko denboran. Bigarren Ruth Linaza eta Garbiñe Lopez de Uralde sailkatu ziren (8:29), eta Sara Jimenezek eta Maite de Felipek osatu zuten podiuma (8.30). Laugarren postua Ultzamako Ainhoa Iraizoz eta Maria Iraizoz ahizpek eskuratu zuten (9.49) eta bosgarren postua Iruritako Saioa Dendarietak eta Leire Arraztoak (12.34).

Nafarroako Lehen Mailako Aizkolari Txapelketa

Pronostikoak bete egin ziren eta Iker Vicente otsagabiarrak irabazi zuen txapelketa, hamabigarren aldiz. Vicentek 32 minutu eta 28 segundo behar izan zituen lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko enborrak mozteko, iaz baino minutu eta erdi gutxiago. Bigarren Ibai Soroari arribearra izan zen (38.04) eta Eneko Saralegi errazkindarra sailkatu zen hirugarren postuan  (40.41). Laugarren eta bosgarren postuetan Txomin Amundarain (41.49) eta Jon Rekondo (43.02) sailkatu ziren, hurrenez hurren.