Harat taldeak kontzertua emango du ostiralean Mendaroko San Agustin aretoan

Ainara Argoitia Arano

Gararock udazkenean kontzertu-zikloak erdia egin zuen joan zen astean Maraca Diablo herriko taldearen kontzertuarekin, eta ostiralean, Harat taldearen txanda izango da. San Agustin aretoan emango dute kontzertua, 22:00etan hasita, eta doan izango da sarrera. 

Beratik dator Harat. Ibai Gogortza (gitarra eta ahotsa), Mattin Arbelaitz (bateria) eta Iñigo Tellaetxeak (baxua) osatzen dute taldea, eta taldearen izen bereko diskoa dute, duela bi urte argitara eman zutena. Orain, berriz, bigarren diskoa grabatzen ari dira. Euskaraz abesten dute, eta beren musikak distortsioa, erritmo asimetrikoak eta ahots zatiak konbinatzen ditu, giro hipnotikoa sortuz. 

Orain arteko bi kontzertuetan egin bezala, antolatzaileek aurreratu dute taberna  jarriko dutela musika eskolako terrazan. 20:00etan zabalduko dute, eta Ondarra disko jartzaile mendaroarrak girotuko du kontzertura arteko tartea.