Xahu taldeak jazz kontzertua emango du Mendaron zapatuan, hilaren 21ean

Ainara Argoitia Arano

Xahu musika taldeko partaideak. Arg.: taldeak berak lagatakoa.

Goi-mailako musika ikasketak Donostiako Musikenen egin zituzten lau lagunek osatzen dute Xahu, lagunartean musika sortzeko gogoak berriro elkartu dituen lau euskal musikarik: Josu Salegi debarrak –saxofoi altua–, Jon Ander Amigok –baxu elektrikoa–, Mikel Nuñezek –pianoa– eta Unai Olabarrik –bateria–; eta kontzertua emango dute zapatuan Mendaron, San Agustin aretoan, 21:30ean 

Lagun artean sortutako proiektua da Xahu, eta konplizitate-giro hori nabari da haien musika ulertzeko eta egiteko moduan, bai eta, jakina, zuzenekoetan ere. Taldekide bakoitzak ekarritako konposizio originalak jazz estandarrekin nahasten dituzte, eta errepertorio "zabal eta intimoa" dute. Hamaika kantuz osatutako diskoa ere badute argitara emanda: Gero gerokoak. Talde kontsakratua da. Bilboko Haceria Jazz Club-ean, esaterako, talde egoiliar aritu zen 2018an eta 2019an, eta jazzaldi ezagunetan ere jo izan dute, hala nola Donostiako Heineken Jazzaldian, Debako Jazzez Blain, Munijazzen, La Noche Encendidan, Bilboko JazzOn elkarteak antolatutako jazz zirkuituetan eta Euskal Herriko beste zenbait aretotan. Pandemian, halako eten bat egin zuten, baina indarrak hartuta itzuli dira, eta hala igoko dira San Agustingo oholtzara ere, kontzertu gogoangarria emateko asmoz.