Datorren asterako iragarria zuten Gailuren kontzertua abenduaren 12ra atzeratu dute, teknikarien grebagatik

Ainara Argoitia Arano

Ikuskizun eta ekitaldien sektoreko teknikariek, tartean soinu-teknikariek, bi greba egun dituzte deituta azaroaren 26 eta 27rako, eta arrazoi horregatik, atzeratu egingo dute datorren asterako Mendaron egitekoa zuten Gailu taldearen kontzertua.

Gararock udazkenean zikloko laugarren eta azken kontzertua da atzeratu dutena, hain justu ere, azaroaren 27rako iragarria zutena. Egun horretan, Gailuk jotzekoa zuen San Agustin aretoan, 22:00etan, eta aurrez, 20:00etara Pelma & Luis selektorren saioa zen izatekoa, baina antolatzaileek jakinarazi dute grebagatik abenduaren 12ra atzeratu dituztela biak. 

Hori bai, ostiral honetako antolatua duten Harat taldearen kontzertuak bere horretan jarraitzen du. Berako hirukoteak 22:00etan joko du San Agustin aretoan, eta debalde izango da sarrera. Antolatzaileek, gainera, taberna ere zabalduko dute musika eskolako terrazan. 20:00etan hasiko dira zerbitzatzen eta une horretatik 22:00ak arteko tartean Ondarra disko jartzailea ariko da musika jartzen.