Elkarrizketa

Uxue Ansorregi: "Pixka batean trontza alboratu eta Kirol Herri aizkora txapelketarako prestatuko naiz"

Ainara Argoitia Arano

Uxue Ansorregi eta Aurkene Aroka, joan zen ostiralean, Donezteben, Euskadiko Trontza Txapelketa irabazi berritan. Argazkia: Protagonistek lagatakoa

Euskadiko Emakumezkoen Trontza Txapelketa irabazi zuen ostiralean Uxue Ansorregik, Donezteben (Nafarroa), Aurkene Arokarekin bikotea osatuta

Aizkora eta trontza, biei ematen die, eta azkeneko urteotan gizentzen doa haren lorpenen zakua. Uxue Ansorregi da (Mendaro, 1995), eta joan den ostiralean Euskadiko Trontza Txapelketa irabazi zuen, Donezteben, Aurkene Aroka berriozartarra lagun hartuta. Herri-kirolen munduan murgildu zuen Florentino Larrañaga herrikideari, Julen Kañamares bikotekideari –herri-kirolaria bera– eta beti ondoan izan dituenei eskaini die txapela, amarengandik eta etxeko besteengandik hasita. "Aitak laguntzen zidan plaza guztietara. Gure amak asko sufritzen zuen ni plazan ikusita, eta ezin izaten zen etorri. 'Ez sufritu', esaten zidan beti, baina duela pare bat urtetik ikusten du zenbat ari naizen gozatzen, eta ikaragarri animatzen nau. Asko eskertzen diot egin behar izan duen lanketa hori".

Bi aldiz Nafarroako txapeldun izan zarete, eta Euskadiko Txapelketa irabazi berri duzue orain; ondo uztartu den bikotea da zuena.

Bai; lagun ona da Aurkene, kirolari handia, indartsua eta abila. Bizitza osoan egin du kirola, eta nabaritzen zaio. Herri-kiroletan hasi aurretik arraunean ibili zen, maila handikoen artean, eta oinarri sendoa zekarren herri-kiroletarako. Oso ondo ulertu dugu elkar, gainera, entrenamenduetan eta bestela, eta ondo moldatzen gara elkarrekin trontzan. 

Hamabost ebaki egin zenizkioten 45 ontzako enborrari zortzi minutu eta lau segundoan; nola moldatu zineten?

Ebaki laurden bateko aldea atera genien lehenengotik aurkariei, eta abantaila hura lagungarria izan zitzaigun. Izan ere, bosgarren ebakitik hamabosgarrenera artekoan estu ibili ginen, adar bat irten zitzaigulako, baina, hala ere, ordura arteko abantailari eutsi ahal izan genion, bukaerara arte. Sentsazio oso onarekin jardun genuen lanean; sufritzen, baina, aldi berean, gozatuz. Aurretik joateak hori dauka. 

Zer prestaketa egin duzue Euskadiko Txapelketarako?

Hamaika hilabetean buru-belari aritu gara txapelketarako entrenatzen. Asteazkenero eta igandero elkartu gara trontzan egiteko, baina entrenamenduak ez dira trontzan egitera mugatu. Astean sei egunez entrenatu gara, trontzan ez bada, aizkoran, gimnasioan edo mendian, indarra eta kardioa lantzeko. Ondo prestatuta joan ginen txapelketara. 3.000 ebakitik gora egin ditugu entrenamenduetan, eta bada zerbait hori. Tonto-tonto hasi ginen zenbatzen, Julenek [Kañamares] esan zigulako Nafarroako Txapelketa irabazteko 1.000 bat ebaki egin behar genituela, eta Euskadikoa irabazteko, gutxienez 2.000. Entrenatzaile pertsonala ere badaukat nik, prestaketan laguntzeko, bai eta kirol psikologoa ere, urduritasunak eta txapelketa aurreko presioa-eta kontrolatzen ikasteko. Egia esan, egun askotan orduak falta izan zaizkit lana eta entrenamenduak uztartzeko, nahiz eta zortekoa naizen; izan ere, pediatriako erizaina naiz osasun etxe batean, eta 08:00etatik 15:00etara egiten dut lan. Aurkenek, baina, tabernan dihardu lanean, eta lantegi lotuagoa da hori entrenamenduak lotzeko.

Euskadiko Txapelketan erabili duzuen trontzak zeresana ematen jarraitzen du; aurten zelakoa erabili duzue?

Azkeneko astean drama dezentekoa izan dugu horrekin, zein trontzarekin irten erabaki ezinda ibili garelako, eta halako momentu zailetan Julenek asko lagundu digu. Ondo ezagutzen du mundu hau, hark dauka Nafarroako errekorra trontzan, eta teknikoki asko lagundu digu. Tuatahi markako trontza erabili dugu, Julenek erositakoa, trontza amerikarraren eta hemengoaren arteko formatua duena, eta bai, ezusteko handia izan da plazan. Jendeak ez zuen ulertzen trontza amerikarrak izanda zergatik egin genuen haren alde, gehien mozten dutenak trontza amerikarrak direlako, lau hortzeko handiak. Nafarroako Txapelketarako hemengo trontzekin prestatu ginen, derrigorra delako hori Nafarroakoan, eta iaz kostatu egin zitzaigun Euskadikoan amerikarrera egitea. Irabaztetik bi segundora gelditu ginen iaz, baina ez ginen gustura aritu trontza harekin. Aurten hobeto hartu diogu neurria honi, eta gozatu egin dugu.

"Sentsazio oso onarekin jardun genuen lanean; sufritzen, baina, aldi berean, gozatuz"

Zer berezitasun dauka trontza horrek?

Australian egindako trontza da, baina ez da hemen trontza australiarra izenarekin ezagutzen dugunaren diseinukoa. Trontza amerikarrak lau hortz ditu urkilen artean, eta honek bi bakarrik. Txikitxoagoa da, baina egokitu zitzaigun enborrerako eta guk moztu genuen erarako bikaina suertatu zitzaigun. 

Zer duzu orain begiz jota?

Trontza pixka bat alboratu, eta Kirol Herri zirkuituko aizkora txapelketarako prestatuko naiz orain. Hori da asmoa. Apur bat deskantsatu eta buru-belarri jartzea Xabat Olaizolak [pentatloian ibilitakoa] antolatutako zirkuituko aizkora txapelketarako prestatzea. Azaro hasieran izan nuen horrako lehen kanporaketa, Aian, eta abenduaren 8an izango dut bigarrena [zehaztu gabe dago non], baina, oker handirik ezean, lehenengo kanporaketan egin nuen postuarekin finalerako txartela nahikoa seguru daukat. Bigarren sailkatu nintzen Aian, hirugarren izan zen Irati Astondoarekin puntuetan berdinduta, baina, Astondoari berari irabazi egin nionez, aurretik nago. Finala Asteasun jokatuko da, abenduaren 31n, eta, ezustekorik ezean, Laiene Pikabea, Oihana Fernandez de Barrena eta hirurok sailkatuko gara.

Eta, zein jo beharko genuke irabazteko faborito?

Oihana Fernandez de Barrena. Ni dena ematera irtengo naiz, jakina, baina esango nuke, gaur, Oihana beste maila batean dagoela.

Zeintzuk dira zure dohainak?

Erresistentzia. Ni herri-kiroletan gabiltzan emakumezkoetan txikienetakoa naiz, eta ez naiz bereziki indarragatik nabarmentzen, baina esango nuke teknika aldetik nahiko txukun moldatzen naizela. Iraupen luzeko lanetan moldatzen naiz ondoen, segi eta segi egiteko gaitasun hori daukadalako, eta teknika txukun samarra.

"Iraupen luzeko lanetan moldatzen naiz ondoen, segi eta segi egiteko gaitasun hori dudalako"