Matxismoari kontra egiteko taldea sortzeko lehen pausoak eman dituzte Mendaron

Ainara Argoitia Arano

Tratu Onen Aldeko taldeak antolatuta Azaroaren 25aren harira Mendaron egindako ekintza. Artxibokoa.

Urriaren 30ean egin zuten matxismoaren aurka antolatzeko lehen batzarra Mendaron, Itaiak deituta, eta han sortu zen azaroaren 25aren harira herrian "egitarau propioa" antolatzeko proposamena. Helburua, hauxe: "Emakumeen zapalkuntzari aurre egiteko antolakuntza indartzea eta urte osoan zehar jardungo duen talde bat osatzea".

Indarkeria matxistaren kontrako borroka ez da egun bakarrera mugatu beharreko kontua, eta hala jaso dute ekimen honen sustatzaileek ere. "Ekimenak behar zehatz bati erantzuten dio: matxismoaren eta emakumeon zapalkuntzaren aurkako borroka herrian errotzea, emakumeen arteko antolakuntza sustatzea eta urte osoan zehar askotariko ekimenak garatuko dituen talde bat osatzea. Helburua ez da, beraz, data seinalatuetan soilik mobilizatzea, baizik eta matxismoari egunero aurre egiteko espazio iraunkor bat eraikitzea", nabarmendu dute. Lehenengo batzar hartan landutako proposamenetako bat izan zen azaroaren 25erako -Indarkeria Matxistaren Nazioarteko Eguna- egitarau propio bat antolatzea Mendaron. Azaroan, zehar, askotariko ekintzak antolatau ditu Itaiak Debabarrenean, tartean joan zen ostiralean, azaroaren 13an, sexu industriaren eta prostituzioaren inguruan Mendaroko Gaztetxean egin zuten solasaldia. 

Hurrengo ekintza azaroaren 25erako antolatu dute. Azkeneko urte batzuetan Mendaron Tratu Onen Aldeko Taldeak antolatuta egin izan den zapata gorrien dinamika berreskuratu nahi dute egun horretan, indarkeria matxistaren ondorioak ikustarazteko eta biktimak oroitzeko. Horrez gain, 18:30ean, matxismoaren kontra daudenen talde argazkia ere egin nahi dute, eta dei egin diete herritarrei parte hartzera. Bi ekimen horien bidez, herritarrak matxismoaren aurkako borrokan inplikatzera eta antolatzera bultzatu nahi dituzte. Izan ere, ezinbestekoa ikusten dute matxismoaren kontrako euste-horma eraikitzea.