25 aldiz odola emateagatik aitortza jaso du Aritz Larrañagak Mendaron

Ainara Argoitia Arano

Aritz Larrañaga, Mendaroko Odol Emaileen Elkarteko Dorleta Lazarobaster eta Arantza Egañarekin.

Odol premiaz ohartazteko eta odola emateak duen garrantzia ikusarazteko, luzaroan eman dutenei aitortza egiteko ohitura dute odol emaileen elkarteek, eta hala egin zuen joan zen ostiralean Mendaroko elkarteko boluntarioek ere. Oraingoan, Aritz Larrañagak jaso zuen aitortza hori, 25 aldiz emateagatik.

Hiru hilean behin egiten dituzte odol ateratzeak Mendaron, eta 18 urte bete zituenez gero, ez du hutsik egin Aritz Larrañagak. Gurasoen arrastoa jarraitu duela dio, eta hala jarraituko duela aurreratu. "Etxekoak beti etorri dira, eta halaxe hasi ginen anaia eta biok ere etortzen, behin 18 urte bete genituenean. Ordubete bat izaten da, hiru hilean behin. Ez da ahalegin handirik egin behar eta jende batek eskertuko du. Oso giro ona izaten da beti, gainera, odol ateratzeetan, eta hemendik eskertu nahi nieke odol emaileen elkarteko boluntarioei hori dena antolatzen eta gu zaintzen egiten duten lana", adierazi du. Larrañagak herritar guztiak animatu ditu odola ematera.