Aurrekontua aztergai, datorren astean

Ubane Madera 2018ko abenduaren 14a

Udal ordezkariak oso bilkuran.

Datorren eguaztenean, abenduaren 19an, osoko bilkura mamitsua egingo du udalbatzak, izan ere, datorren urterako aurrekontua eta haren exekuzio-araua izango dituzte mahai gainean. Horrez aparte, eta bestelako gaien artean, Soraluzeko Udalean euskararen erabilera normalizatzeko plana ere aztertuko dute. 19:00etan hasiko da batzarra, eta publikoa da.

Urtea amaitu baino lehenagoko batzarrean mahai gainean jarriko du Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) 2019rako prestatu duen aurrekontu proposamena. Eta ezustekorik ezean, onartu ere urtea bukatu aurretik onartuko du berau, gehiengo dira-eta udalbatzarrean.

Hori bai, datorren eguazteneko osoko bilkurak erakutsiko du proposamenari buruzko ze iritzi daukan oposizioan dagoen EHBildu koalizioak, eta haren gainean egiten duen irakurketa.

Azoka plaza

19:00etan hasiko da udalbatzarra, eta 2019rako aurrekontu proposamenarekin batera, haren exekuzio-araua ere langai izango dute udal ordezkariek.

Horrekin batera, bestelako puntu batzuk ere izango dituzte aztergai; esaterako, 2019. urterako lantalde organikoa, Soraluzeko Udalean euskararen erabilera normalizatzeko plana eta Soraluzeko udal merkatu plazan salmenta-postu finko bat jartzeko eta ustiatzeko administrazio-emakidaren esleipena arautuko duen baldintza agiria.