Iluntzean eta barikuan, berriro lanuzteak

Ubane Madera Zangitu 2021eko urriaren 18a

Gaur goizean, 06:00etatik 08:00etara lanuzteak egin dituzte Avanza Gipuzkoako (lehengo Pesa) hainbat langilek. %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte ordu horietako autobus lineatan, hala ere, lanuzteek eragina izan dute. Iluntzean, atzera ere egingo dituzte lanuzteak, 18:00etatik 20:00ak bitartean. Berdin egingo dute bariku goizean zein iluntzean ere. Protesten bitartez, langileen segurtasuna bermatuko duten neurriak eskatu nahi dituzte.

Avanza Gipuzkoako langileek hainbat eraso jasan ondoren, euren integritate fisikoa babestuko duten neurriak hartzeko eskatu zioten enpresari, bestela, lanuzteak egiten hasteko asmoa plazaratu zuten. Astelehenetan eta barikuetan, 06:00etatik 08:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Gaur, urriaren 18an, hasi dira iragarritako lanuzteekin. Iluntzean egingo dute bigarrena eta lan batzordeko ordezkariak jakinarazi du barikuan, urriaren 22an, gauza bera egingo dutela, goizean zein iluntzean.

Lan batzordetik iragarritakoaren arabera, lanuzteak mugagabeak dira, harik eta enpresaren erantzunen bat eskuratu arte. Gaineratu dute, lanuzteekin batera, elkarretaratzeak ere egingo dituztela, Arrasaten.

 

 

Erlazionatuak

Lanuzteak autobus zerbitzuetan

Ubane Madera Zangitu 2021 urr 07 Soraluze