26.049 kilo hondakin arriskutsu

Ubane Madera Zangitu 2023ko uztailaren 13a

2022an, Debabarreneko Mankomunitateak 26.049 kilo hondakin arriskutsu jaso zituen. Horien artean, kopururik handiena pintura izan zen, ondoren plastikozko ontzi handiak eta azkenik, produktu kimikoak. Mota horretako hondakinak garbiguneetan zein mini-garbiguneetan batzen dituzte.

Iazko datu bilketak emateaz bat, mankomunitateak gogora ekarri du honako produktuak eraman behar direla garbigune arruntetara: pintura poto hutsak, aerosol hutsak, hondakin arriskutsuak izan dituzten plastikozko ontzi hutsak, hondakin arriskutsuak izan dituzten metalezko ontzi hutsak, erradiografiak, produktu kimikoak (disolbenteak, etab), eta bonbilak eta fluoreszenteak.

Mini-garbiguneetan zer

Mini-garbiguneetan, berriz, etxeetako erabileran sortutako honako hondakin arriskutsuak batzen dituzte: aerosolak, pintura pote txikiak, erradiografiak, tonerrak eta pilak. Ildo horretan, mankomunitateak herritarrei gogoratu nahi die oso garrantzitsua dela hondakin mota bakoitza dagokion ahotik sartzea mini-garbigunera.