Herri Ekimen Legegilearekiko konpromisoa erakutsiz, oporrak hartu dituzte

Ubane Madera Zangitu 2025eko ekainaren 17a

Atzo, astelehena, udako opor aurreko azkeneko elkarretaratzea egin zuen Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak. Azken bilkura horretan ere, Herri Ekimen Legegilea izan zuten hizpide. Jakinarazi zuten politikariak ari direla interpelatzen, eta adi egongo direla erantzunen zain. Bestalde, Nafarroa ere izan zuten aipagai, han, 2026ko aurrekontuekin dabiltzala-eta, pentsiodunek euren aldarrikapenen alde segitzeko konpromisoa azpimarratu zuten.

Herri Ekimen Legegilearen tramitazio eskea dela-eta, pentsiodunen mugimenduak hori bultzatu nahian, aurrez aurreko batzarrak eskatu ditu Lehendakaritzan.

Horrekin batera, Voxi izan ezik, gainerako alderdi politikoei ere eskatu dizkiete aldebiko batzarrak. Ildo horretan, jakinarazi zuten EH Bildu dela oraingoz erantzun duen bakarra eta koalizioak “HELa tramitera, eztabaidara eta erabakira pasatzea babesteko borondate eta konpromiso osoa adierazi” duela.

Besalde, Nafarroari begira ere jarri ziren atzoko elkarretaratzean. Han, dagoeneko ari dira 2026ko aurrekontuari begira eta bertako pentsiodunen mugimenduak ohartarazi du “osasun-sistema publikoaren eta zerbitzu soziosanitario publiko, komunitario eta unibertsalen defentsan” segituko duela.

Halaber, nafarrek, herri palestinarra jasaten ari den genozidioaren aurrean, erakunde guztiei eskatuko diete, “bai tokikoei bai estatukoei, Israelekin era guztietako harremanak berehala etetea”.