Liburutegi zerbitzua ere badu Itxaropena elkarteak

Ubane Madera Zangitu 2025eko irailaren 10a

Itxaropena Erretiratuen Elkartearen erabiltzaile askok ezagutzen ez duten zerbitzu bat dauka pentsiodunen eta nagusien elkarteak: liburutegia. Hitzaldiak eta tailerrak eskaintzeko aretoan daude bi apalategi liburuz hornituta, eta erabilera librekoak dira; hau da, nahi duenak har ditzake liburuak bertan edo etxean irakurtzeko eta nahi duenak eraman ditzake liburuak bertan lagatzeko.

Denetariko liburuak dituzte Itxaropena Erretiratuen Elkarteko liburutegian. Asko dira liburu zaharrak, historiarekin lotutakoak, batik bat. Baina badira ere idazle eta tematika berriagoen liburuak, batik bat, azken dohaintzen bidez eskuratutakoak.

Adibidez, Lizardiren olerkiak, Bilintxen idazlanak, Gipuzkoari buruzko liburuak… daude, eta baita ere, Julia Navarro, Toti Martinez de Lezea, Ken Follet edo Mikel Santiago moduko idazleen eleberriak.

Itxaropena elkarteko edozein erabiltzailek har ditzake liburuok, tabernan bertan zein etxean irakurtzeko. Eta aldi berean, edozeinek eraman ditzake liburuak bertan laga eta beste edozeinek irakur ditzan, pozik hartuko dituzte dohaintzak.